GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Gabriel Medina: Slaterren lekukoa hartzeko prest

Munduko titulua hamaikagarren aldiz irabazi duenean, bere lekukoa har dezakeen lehiakidea agertu da joko zelaian, Gabriel Medina.

p054_f01_97x140.jpg

p054_f03_148x144.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Aurtengo ASP zirkuituko irabazlea nor den erabakita geratu den arren (Kellly Slater), oraindik ez da zirkuitua amaitu, Hawaiiko Pipeline olatuan egiten den azken proba falta da-eta. Beraz, WCTko lehiakideek goi mailan jarraitzeko puntuak biltzen segitzen dute, eta behin betiko postuak oraindik zehazteke daude ranking orokorrean.

Horretaz gain, aurten indarrean jarri den ASPko araudi berria kontuan hartu behar da; izan ere, araudi horri esker, urtean zehar puntu gehien bildutako WQSko hiru lehiakide WCT zirkuitura atxiki ziren irailean.

Errotazio sistema berriak lehiakideak etengabe puntuak biltzen egotera behartzen ditu. Adibidez, WCT zirkuituko lehiakide batek puntu asko biltzen ez baditu, WQS zirkuituan (beheragoko mailan) lehiatu beharko du puntu gehiago eskuratzeko. Beraz, gero eta zailagoa dute goi mailako lehiakideek beren postuari eustea.

Mailaz igo eta WCT zirkuitura irailean atxiki ziren lehiakide berriak zeresan handia ematen ari dira, emaitza onak egiten ari baitira; baina horien artean bada besteak baino gerra gehiago ematen ari den brasildar surflari gazte bat.

Abenduaren 22an egingo ditu 19 urte mundura etorri zela. Ordutik Brasilgo Maresias hondartzan hazi eta hezi da. Oso gazte zela txapelketetan itzelezko emaitzak biltzen hasi zen, eta azken bi urteetan egin duen ibilbideak ez du parekorik izan. Gure kostaldean oso ezaguna da, aurtengo Zarauzko San Miguel Pro txapelketa, esaterako, berak irabazi zuen.

Zirkuituko parte-hartzaile gazteena da Medina. Bere adinarekin, ohikoena Junior kategorian lehiatzen aritzea da, baina Medinak zuzenean goi mailan lehiatzeko pausoa eman du, ia oharkabean, bigarren mailan (WQS) denbora larregi egin gabe.

Apirilean Australian, Bells Beacheko olatuan egin zen WCT zirkuituko proban parte hartzeko aukera izan zuen Medinak gonbidapen wildcard bati esker; baina ofizialki, Kalifornian Trestlesen izan zen zirkuituko zazpigarren proban sartu zen WCT mailan, Miguel Pupo brasildarrarekin eta John John Florence hawaiiarrarekin batera. Beraz, Medinak ez du aurtengo zirkuitu osoa egin, erdia baizik. Hala ere, parte hartu duen bost txapelketatik bitan, berak lortu du txapela.

Zirkuituaren erdialdera goi mailara atxiki ziren hiru lehiakideak parte-hartzaileen zerrendako gazteenak dira, 18, 19 eta 20 urte baino ez dituzte. Surf egiteko modu berri batekin datoz, baina aldi berean, iraganeko surf klasikoa ere oso ongi menderatzen dutela erakutsi dute. Olatu handi, zein txikietan ikaragarrizko maila erakusten ari dira, gainerako lehiakideen artean izua zabalduz.

Aurtengo zirkuitua amaitzeko proba bakarra falta da. Urtero abenduan Hawaiin egiten den Pipeline Masters famatua. Azken proba Kalifornian izan da, San Frantziskon, eta irabazlea Gabriel Medina izan da.

Paradoxikoki, txapelketako laugarren itzulian Kelly Slater eta Gabriel Medina txanda berean izan ziren lehiatzen, eta Kellyk lortu zuen lehen postua. Medinak ordea, beste aukera bat izan zuen; izan ere, bera bezala, laugarren txandan bigarren postuan geratu zirenen arteko bosgarren itzulia gainditzea lortu zuen.

Final-laurdenetan Kelly eta Medina izan ziren buruz buru lehian. Ordurako, Kellyk aurtengo zirkuituko titulua eskuratua zuen, baina horrek ez zuen bere lehiaketarako sugarra apaldu eta txanda ikusgarria izan zen. Azkenean Medinak garaitu zuen Floridakoa.

Hossegorren izan zen txapelketan argi ikusi zen belaunaldi berriak dakarren indarra; eta San Frantziskon ere, Slaterren eta Medinaren arteko txandan, berriz irudikatu zen garai berrien etorrera. Izan ere, aurtengoarekin hamaikagarrengoz munduko titulua irabazi duen surflaria, geroago txapelketa irabazi zuen lehiakide gazteak garaitu baitzuen.

San Frantziskon bigarren postuan geratu zen lehiakidea, berriz, Joel Parkinson da. Parko ranking orokorrean bigarren postuan da egun, beraz, aurtengoan zirkuituko lehiakide beteranoek emaitza onenak izango dituztela aurreikus daitekeen arren, aurrerantzean indar handiz datozen lehiakide gazteak gailentzen hasiko direla asma daiteke. Eta Slaterrekin edo Parkinsonekin gertatutakoak bi adibide baino ez dira.

Orain Pipelineri begira dira zirkuituko lehiakideak. Abendua itsaski handien sasoia da Hawaiin eta txapelketa garrantzitsu anitz izaten da. Surflari andana biltzen da, lehiatzeko, olatu handietan entrenatzeko edota besterik gabe, bertako olatuen kalitateaz gozatzeko.

Pipelinen zeresan handia eman dezakeen lehiakide berrietako bat John John Florence da, bertakoa baita. Portugalen, olatuak Pipelineren antzekoak izan ziren, eta halako baldintzetan surf egiten ohituta dagoela frogatu zuen Florencek.

Kelly Slaterrek berriz, ez luke lehiatzeko aparteko motibaziorik izan behar, baina Pipelineko olatua asko maite du, eta baldintza onak badira lehiaketan parte hartuko du ziur aski, Pipelinen bi edo hiru pertsonarekin bakarrik surf egitea, egun luxu bat baita.

Errotazioa

Errotazio sistema berriarekin, lehiakideak etengabe puntuak biltzera behartuak daude. Gero eta zailagoa da goi mailako postuari eustea.

Gabriel Medina

18 urterekin, bera da parte-hartzaile gazteena. Adin horrekin, Junior kategorian lehiatzen behar luke, baina goi mailara igo da zuzen-zuzenean.

gazteak indartsu

Oraindik, lehiakide beteranoak dira lehen postuetan, baina aurrerantzean, lehiakide gazteak gailentzen hasiko direla susma daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo