ITSASOA
Euskal Herriko Kantauri Surf Liga, azken txanpari ekiteko prest
Haritz Larrañaga Altuna | Zarautz
Urriaren 16an hasi zen Euskal Herriko lehenengo Surf Liga azken txanpara iritsi da. Atzokoan bosgarren itzuliko txandak egin zituzten Getarian eta Bakion, eta datorren igandean, azaroaren 20an, final handia izango da Zarautzen.
Taldekako lehiaketa honetan Iparraldeko itzulia egin dute, batetik, eta Hegoaldekoa, bestetik; eta azkenean, igandean, bi itzulitako irabazleen artean erabakiko da Ligako txapela nork eskuratzen duen.
Iparraldean Donibane Lohizuneko Artha Surf taldeak irabazi zuen itzulia; beraz, talde hori izango da Zarauzko finalean.
Hegoaldeko taldea zein izango den igandean bertan erabakiko da, azken txandak finala baino lehenago eginda, Getarian (Getaria vs Bakio) eta Zarautzen (Zarautz vs Sopela). Behin azken emaitzak jakindakoan, Hegoaldeko irabazleak Iparraldekoen aurka lehiatuko dira.
Informazio gehiago nahi duenak, argazkiak, emaitzak eta abar, Ligako web orrian begira dezake: Kantaurisurfliga.com