Surflari ernegatua
Ustez hamalau, gerturatu eta lau
Askotan gertatzen da, norbait pozarren saltoka ikusi eta segundo baten bueltan negarrez egotea. «Orain barrez, orain negarrez, atso zaharrarekin, ezkondu nahi ez», horrela esaten ziguten txikitan, belarrondoko eder bat ematen ez zigutenean noski.
Kelly Slater hamaikagarren aldiz munduko txapeldun izendatu eta ordu gutxira, barkamen eske agertu behar izan zuten ASPko arduradunek, kalkulu akats bat medio, Super Kelly, oraindik munduko txapelduna ez zela esateko.
Behin, txapelketa batean sekulako sariak genituen parte-hartzaileen artean zozketatzeko, tartean Mentawai irletarako bidaia bat. Lagunekin bertan zebilen kide batek bozgorailuetatik saria jasotzera gerturatzeko deia jaso zuen. Taberna batean bokadilo bat doan har zezakeela zioen txartel bat eman zioten.
Saltoka, txilioka, irrintzika gerturatu zen morroia oholtzara. Ikusle guztiok berdina pentsatu genuen; alegia, «tipo hori inoiz ezer tokatu ez zaion horietako bat izango da».
Halako batean, norbaitek zera esan zion, berea ez zela Mentawairako bidaia saria. Bisaia guztiz puztu eta gorritu zitzaion orduan, eta han zegoen jende guztia barrez hasi zen. Sekulako saria zuelakoan oihuka ibili ostean, buru makur itzuli zen jendearen barre algaren artean.
Edozein eremutan, gizakiok berezkoa duguna egiten dugunean, alegia, poto egiten dugunean, norberari ez dio batere graziarik egiten noski, baina gainerakoentzat algara iturri izan ohi da.
Euskal politikan ere antzerako zerbait gertatzear dagoelakoan nago. Batzuek Mentawairako saria irabazi dutela diote etengabe. A ze nolako erridikulua egin behar duten txorizo bokadilo bat baino irabazi ez dutela konturatzen direnean.
Zoritxarrez, hauek ezagututa, ikusleak egurtzeari ekingo diote, baina Mentawaiko bidaia, beste norbaitek eramango du.