ITSASOA
Garret MacNamarak olatu erraldoia hartu du Portugalgo kostaldean
Haritz Larrañaga Altuna | Portugal
Portugalgo kostaldea, gero eta ezagunagoa da surf munduan. Bertako olatuak oso onak direla aspalditik jakin izan da, baina azken urteetan, WCT zirkuituko txapelketekin eta olatu handietako irudiekin oraindik eta izen handiagoa hartu du.
Olatu handiak hartzeko izugarrizko potentziala duen kostaldea ere bada Portugal, eta zentzu horretan ere oraindik zeresan handia eman dezake.
Azken albistea Nazareko itsasbazterretik datorkigu. Garret MacNamara iparramerikarrak itzelezko olatua hartu baitu bertan. Orain artean inoiz hartu den handienetakoen artean omen dago. Ia hogeita hamar metroko altuerako olatua.
Pasa den urrian, MacNamara surf egiten ari zen uretako motoen laguntzarekin Praia do Norte inguruan. Berarekin batera, Al Mennie irlandarra eta Andrew Cotton ingelesa zeuden uretan.
Praia do Norten olatu erraldoiak altxatzearen arrazoia bitxia da. Batetik, Portugal itsaski handiei irekia dagoen kostaldea da, eta, bestalde, «Nazareko kanoiaren fenomenoa» izendatzen dutena hartu behar da kontuan.
Dirudienez, kostalde horretan Europako ur azpiko haitzarte handiena dago, 230 kilometroko zabalera eta 5.000 metroko sakonera duena. Kanoiaren orientazioak eta itsaskiaren norabideak bat egiten dutenean, olatuak oraindik eta handiagoak omen dira.
Egun horretan, olatuak handiak ziren, 60 oin ingurukoak, baina MacNamarak hartu zuen olatua bat-batean altxatu omen zen kanoiaren fenomenoaren ondorioz. Gainerako olatuak baino askoz ere handiagoa omen zen.
Irudi berri hauekin Portugalgo olatuen potentziala eta indarra agerian geratu berriro. Orain gutxi arte Hawaii eta Kalifornia iparraldeko itsaski handiak ziren famatuenak, baina pixkanaka Europako olatuak ere ari dira izena hartzen, Nazare, Belharra eta Planeixa kasu.