SOKATIRA | Lauko Txapelketa
Abadiño eta Sokarri inoiz baino indartsuago ageri dira
Berdeek hiru talde sartu dituzte datorren larunbatean Abadiñoko probalekuan jokatuko den 320 kiloko finalerako. Arrigorriagatik, berriz, bi joango dira.
J.L.
Abadiño A, Abadiño B, Abadiño C, Sokarri A, Sokarri B eta Urruña neurtuko dira datorren larunbatean Abadiñoko probalekuan, Euskal Herriko Lauko Txapelketako lehendabiziko finalean.
320 kiloko lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatu zen herengun Ezpeletan. Jende ugari batu zen, gainera, saioa ikustera. Ipar Euskal Herrian zubia zen, eta kanpotar asko zegoenez, kirol hau ezagutzeko asmotan joan ziren asko. Saioak, ordea, luze samar jo zuen, eta amaierarako askok alde egin zuten.
Abadiño eta Sokarri izan ziren jardunaldiko irabazleak. Ibarra, berriz, galtzaile nagusia izan zen. Bi multzotan banatuta aritu ziren, eta bietan Sokarri izan zen garaile. Lehen taldea izan zen A multzoan, eta bigarren taldea B multzoan. Lehen multzoan, Abadiño A jaun eta jabe izan zen lehenengo jardunaldian, eta arriskuak hartu zituzten bertako arduradunek. Beste multzoan zeuden B eta C taldeak indartu egin zituzten, A taldearen kaltetan, baina jokaldia primeran atera zitzaien, lehiatzera atera dituzten hiru taldeak finalean sartu baitituzte eta hori balentria handia da.
Sokarrik ez zuen arriskurik hartu beharrik izan. Bi taldeak nahiko orekatuak ditu, eta biek ala biek oso lan ona egin zuten multzo bakoitzean nagusi geratuta eta lehendik ia poltsikoan zituzten txartelak segurtatuta. Txapela lortzeko prest ere bazeudela argi utzi zuten Ezpeletan jokatu ziren tiraldietan.
Bizkaiko bi handiekin batera Urruña sailkatu zen. Lapurtarrek lehen ekinaldian ere lan ona egin zuten, eta bigarrengoan ere berretsi egin zuten. Hala, denboraldiko lehenengo finala jokatzeko moduan izango dira.
Galera
Larunbateko galtzailea Ibarra taldea izan zen. A taldeak lan kaskarra egin zuen lehen jardunaldian, eta B taldeak, berriz, oso ona. Hori kontuan izanda eta bigarren taldea finalean sartuko zela pentsatuz, lehen taldea indartu egin zuten, bestea ahulduz, eta jokaldia erabat oker atera zitzaien; izan ere, ez talde batek ez besteak ez baitzuen finalean sartzeko txartelik lortu.
Lehen taldeak oso lan ona egin zuen herenegun, baina ez finalean sartzeko adinakoa. Bigarrenak, berriz, aldaketak gehiegi nabaritu zituen, eta ez zuen azkeneko jardunaldian egoteko adina puntu batzea lortu, eta finaletik kanpo geratu ziren biak.
Aurtengo Sokatira Txapelketa hasi besterik ez da egin, eta oraindik ez da txapelik banatu, baina orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, badirudi Sokarriren eta Abadiñoren arteko dema izan daitekeela gerora ere. Ez laukoan bakarrik, baita zortzikoan ere.
Orain arte bi taldeak jaun eta jabe agertu dira, eta lauko lehen finalean batek hiru talde eta besteak bi sartzea handia da. Nahiz eta hasieran jokaldia ongi ez atera, bi hauei aurre egin diezaiekeen talde bakarra Ibarra dela dirudi. Halere, denboraldia hasi baino ez da egin, eta agian aldaketaren bat edo beste ere izan daiteke, nahiz eta kirolean ezuste handiak oso gutxitan gertatzen diren. Oraingoz, Urruña izan da bi handien artean burua sartzea lortu duen talde bakarra, eta estutzen saiatuko da.
Joxe Ugarteburu izan zen protagonista atzo Egur Sport enpresak eskaini zion omenaldian. Ezkioko aizkolari handia hantxe bertan izan zen, eta opariak jasotzeaz gain, lanean ere aritu zen. Antolatzaileek bi lehiaketa antolatu zituzten. Bata binaka, eta bertan beteranoak aritu ziren. Ugarteburu bera ere han jardun zen lanean, nahiz eta garaipenik ez zuen lortu. Barberena eta Elorriaga gailendu ziren lehiaketa honetan.
Bakarkakoa ere jokatu zen, eta hor Floren Nazabalek eraman zuen garaipena. Horrelako egun bat behar bezala amaitzeko denak batera batu ziren bazkari herrikoi bat egiteko, eta ez zen giro onik falta izan. J.L.