Zinebik Euskal Herriko film laburren lehiari ekingo dio gaur Getxon
Bilbotik Getxora salto egingo du gaur Zinebi jaialdiak. Villamonte Kultur Etxean, Euskal Herrian ekoiztutako hamaika film labur proiektatuko dituzte 19.30etik aurrera. Bilbon ere izango da zer aukeratu; Alondegian, Palestinako eta Kaliforniako filmak emango dituzte, esaterako.
GARA | BILBO
53. edizioa ospatzen ari da Bilboko Zinebi jaialdia eta aurten sekula baino bertako film labur gehiago aukeratu dituzte lehiarako; hamaika, hain zuzen. Horiek guztiak ikusgai izango dira gaur Getxoko Villamonte Kultur Etxean, 19.30etik aurrera.
Proiektatuko diren filmek hiru eta hamabi minutu arteko iraupena dute eta fikziozkoak dira gehienak. Dokumental bat -Jon Garañoren «Urrezko eraztuna»- eta animaziozko lan bat -Gregorio Muroren «Zeinek gehiago iraun»- ere aurkeztu dira aurten. Roberto Castonen «Errudun sentitzen naiz» filmarekin hasiko da emanaldia eta Haritz Zubillagaren «She´s lost control»-ekin itxiko da.
Ostirala bitartean ospatuko den jaialdiak hala ere, beste hainbat aukera eskaintzen ditu gaurko Bilbon bertan. Sail ofizialean lehian ari diren zortzi film labur proiektatuko dituzte Alondegian, arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Zertxobait luzeagoak dira hauek, zazpi eta 25 minutu bitartekoak. Besteak beste, ondorengo lanak ikusteko aukera izango da: Dennis Tupicoff australiarraren «The first interview» dokumentala, Isamu Hirabayashi japoniarraren «663114» animazio lana eta Daniel Mulloy britainiarraren «Baby» fikzio lana.
Lehiaketatik kanpo
Sail ofizialaz gain, Alondegiak gainerako sail paraleloak ere erakutsiko ditu. Estatu espainolean egiten diren film laburrak erakusten dituen Infospain ataleko bederatzi lan ikusi ahal izango dira 17.30etik aurrera. Tartean izango dira Luis Arenasen «La broma», Antonio Quirogaren «Dos tristes tres» eta Neus Escoda eta Silvia Perezen «Dicen de un lugar donde los coches no llegan».
Ordu berean eta Alondegian bertan, Kaliforniako CalArts arte eta zinema institutuan egiten den lana erakutsiko dute; bost film emango dituzte. Antolatzaileek azaldu zutenez, «eskola garrantzitsu horren sorreran, mugitzen diren irudien artea eta industria ulertzeko bi era ezberdinen eragina izan zen, itxura batean behintzat, kontrajarriak zirenak: batetik, Walt Disney-k sortu zuelako 1961ean, animazio zinemaren errealizazio teknikak, produkzioa eta komertzioa gazteei irakasteko; bestetik, eskolako hezkuntza programa osatu zuten irakasleak mugimendu feministarekin eta arte kontzeptuala deitu izan denarekin zerikusi handia zuten eta 60ko hamarkadako abangoardia artistikoetako kide zirelako». Alondegiak Mariano Llinas argentinarraren «Historias extraordinarias» film luzea ere proiektatuko du.
Zinema iraultzaile palestinarrak ere bere tartea izango du gaur, bi dokumentalekin. 20.00etan hasita, Masao Adachi eta Koji Wakamatasu japoniarren «The red army» eta Jean Luc Godard frantziarraren «Ici et ailleurs» izango dira ikusgai Alondegian.
Bukatzeko, BBK aretoan Artists Killed Media Stars zikloko hiru film aurkeztuko dituzte, 20.00etan hasita.
Zinegile, irakasle, kritikari, saiakera eta zinema idazle frantziarrari eskainitako zikloa aurkezteko, Moullet bera Bilbon izango da gaur prentsaren aurrean. Bihartik aurrera ikusgai izango dira bere lanak.