Artzain baten bizitzako uneak, irudi ikusgarrien bidez azalduak
Iñaki Vergara argazkilariaren irudi ikusgarriek, Ion Orzaiz kazetariaren testuekin batera, artzain baten eguneroko bizimoduko hainbat momentutara eramaten gaituzte. Pertsonaia arketipikoa eta hagitz maitea da artzaina gurean, «baina, tamalez, desagertzera kondenatua». Horregatik eskaini dizkiote liburu eta erakusketa bat.
Maider IANTZI
Artzaina. Bizitza bat tradizioari lotuta» izeneko erakusketaren eta liburuaren bidez, Iñaki Vergarak eta Ion Orzaizek Euskal Herriak hain berea duen pertsonaia honen bizimodua azaldu nahi izan dute, gure haran, mendi eta herrietan gero eta gutxiago direlako. Erakusketa Zarauzko Photomuseumen bisitatu daiteke (San Inazio, 11) datorren abenduaren 18ra arte. Asteartetik igandera, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.
Vergarak, Berriozarko «Berriozar» eta Iruñeko Arrotxapea auzoko «Ezkaba» aldizkarietako zuzendariak, adierazi digunez, ikuspuntu etnografikotik egin dute lana, artzainaren egunerokotasuna nolakoa den agertzeko. Bai liburua bai erakusketa lau ataletan banatuta daude, eta bakoitzak alderdi zehatz bat du oinarri: transhumantzia, mendiko egunerokotasuna, ardien erditze eta jaiotzak, eta azkenik, bitxikeria gisa, artzain txakurren txapelketak. «Lehiaketa hauek zerbait anekdotikoa dirudite, baina finean artzainaren pertsonaiari eta ofizioari bizirik eusteko modu bat dira».
Argazkilaria irudiak hartzen joan zen eta geroago harremanetan jarri zen Ion Orzaiz Nabarreria.com taldeko langilearekin, honek testuak idatz zitzan. Hasieran, zailena bakartitzat dugun pertsonaia baten bizitzan sartzea izan zen eurentzat. «Bere txakurrarekin, ardiekin, oiloekin dago, eta zaila da hor sartzea. Baina gero, denborarekin, errazagoa da. Zenbait urte eman ditugu guk lan honetan eta Ricardo, gure artzaina, oso atsegina eta jatorra izan da».
«Mundu guztiak bezala» ezagutzen zuen Donostiako argazkilariak artzaintza: «Artzaina bere ardiekin ikusten duzu eta oso irudi polita da. Gero, badakizu ogibide gogorra dela. Uste dut hori dela artzaintzatik ezagutzen duguna». Ricardorekin lan egin ondotik, ordea, gauza gehiagoz jabetu zen Vergara, eta bere egunerokotasuna nolakoa den ikusi zuen. Erakusketa inauguratu zutenean, adibidez, ezingo zela ekitaldira joan azaldu zien artzainak, animaliekin egon behar zuelako.
Erakusketaren egilea harrituta gelditzen zen Ricardo bere animaliengatik nola kezkatzen zen ikusita. «Mendian daude eta nola moldatuko ote dira? Ile luzea dute eta harrapatuta gelditzen badira edo baten bat erortzen bada eta putre bat etortzen bazaio?», galdetzen zuen artzainak. Eta hala erraten zuen: «Ez banu lana horrela hartuko, ez nuke egingo».
Ofizio honen etorkizuna nolakoa izanen den irudikatzera ez dira iritsi proiektu honetan, nahiz eta lanbidean gertatzen ari diren aldaketak islatu dituzten. «Esate baterako, jada ez diete ardiei lehen bezala ilea aizturrarekin mozten, makinekin baizik».
Etorkizuna artzain anitz egiten ari dena izan daitekeela uste du: «Ardiak herritik hurbil uzten dituzte eta horrela ez dute ahalegin handiagoa eskatzen duen mendiko bizimodua egin beharrik. Gazta hain gustukoa dugunez -adierazi zuen irri artean-, ez da desagertuko, baina lan erosoagoa izango da eta herritik hurbilago egingo da, mendira joan eta bertan animaliekin batera hilabetetan egon beharrik gabe».
Azaro hasieran ireki zuten erakusketa eta egileak kontent daude izaten ari den harrerarekin. «Hain etxekoa izanik, jendeari gustatzen zaiola iruditzen zait. Iruñean egon zenean bisita ugari izan zituen eta interes handia erakutsi zuten etorri zirenek. Liburuari dagokionez, krisi garaian atera genuen, eta orduan ez da izugarri saldu».
Zarauzko Photomuseumetik Atarrabiara eta Noainera joateko asmoa dute, baita aukera duten erakustoki guztietara ere, ez dutelako nahi egin duten lana hemen gelditzerik eta ahalik eta gehien zabaltzen ahaleginduko direlako.
Mimo handiz egin duten proiektu etnografiko honetan, idatziz azaldu dute nola lan egiten duen artzainak, eta pertsonaia honi buruz gehiago jakin nahi duen edozein pertsonarentzat izan daiteke interesgarria. Bestalde, argazkizaleen gustukoa izan daiteke, anitz zaindu dituztelako irudiak. Denak animatu nahi izan ditu Vergarak erakusketara, gozatzeko eta galtzen ari den ofizio zahar honi eusten dioten pertsonen bizimodua nolakoa den ezagutzeko.