HAUTESKUNDEAK GARAI BERRIAN
Autodeterminazioaren aldeko herri ekimena, hauteskundeen atarian
Nazioen Mundua herri ekimenak «demokrazian oinarrizkoa den» autodeterminazio eta erabakitze eskubidearen aldeko lana egin dezaten eskatu die Euskal Herriko alderdi politikoei. Horrez gain, etorkizuna erabakitzea herritar ororen ardura dela adierazi du.
Garazi MUGERTZA | DONOSTIA
Nazioen Mundua autodeterminazio eskubidearen aldeko herri ekimenak Euskal Herriko alderdi politikoei autodeterminazio eta erabakitze eskubidearen aldeko lana egin dezaten eskatu zien atzo Koldo Mitxelena Kulturunean eginiko prentsaurrekoan.
Hauteskunde kanpaina bete-betean dela, autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena mahai gainean jarri nahi izan zuten, alderdi zein herritarrei erabakitze eskubidearen inguruan konpromisoak hartzeko deia luzatuz.
Autodeterminazio eskubidea demokraziaren oinarrian dagoela eta berau indartzen duela ziurtatu zuten, eskubide hau «helburu politiko» gisa kokatu beharrean, «helburu demokratiko» bat dela adieraziz. Ekimen honek autodeterminazio eskubidea ezberdinen arteko topagune bezala ulertzen du.
Idiazabalen abiatutako ekimena da Nazioen Mundua, gerora Goierriko herrietan zabaldu dena. Mugimendu honek mundu zabalean estaturik ez duten nazioen erabakitze eskubidearen aldeko aldarria zabaldu eta horren defentsa egiten du. 2008. urtean burutu zuten lehen ekimena, eta ordutik urtero antolatu dute zer edo zer, Euskal Herrian eta bertatik kanpo.
Lehen ekimena 2008an egin zuten. Idiazabal, Beasain eta Iruñeko ehun lagun -kirolariak, dantzariak, musikariak, bertsolariak, eta abar- Eskoziara joan ziren autodeterminazio eskubidea euren trebezien bitartez aldarrikatzera. Bertan kirol, dantza eta musika erakustaldiak egin eta alderdi ezberdinetako politikariak elkarrizketatzeko aukera izan zuten. Gisa berean, 2009an Katalunian izan ziren. 2010. urtean, alde batetik, idiazabaldarrak Bisbal d'Emporda (Katalunia) herrira gonbidatuak izan ziren, bertako independentziaren aldeko herri galdeketara, eta beste aldetik, eskoziarrak Euskal Herrira ekarri zituen herri ekimenak.
Azken ekimena 2011ko uztailaren 2an egin zuten, Larraitzen, pertsonez osatutako mosaiko erraldoi bat osatuz autodeterminazioaren alde. Ekimen honekin spot labur bat grabatu zuten, gerora Internet bidez zabaldu dutena. Bertan, 1.200 lagun inguruk «autodeterminazioa» hitza idatzi eta Euskal Herriaren mapa irudikatu zuten. Jarraian, maparen irudia hautestontzi bihurtu eta pertsonez osatutako kartazal erraldoi bat bertan sartu zuten. Azken sekuentzian, hautestontzi barruan zen kartazala Euskal Herriko mapa bilakatu eta «auto- determinazioa» hitza ingeleseko «self-determination» hitzak ordezkatu zuen.
Hurrengo proiektua Jon Maiak zuzendutako dokumentala da, «Gazta zati bat», 2012ko apirilean estreinatuko dena. Proiektuaren asmoa erabakitze eskubidea eta lehengo eta oraingo egoera politikoa islatzea da. Helburua Euskal Herrian eragin eta munduan euskal herritarren mezua zabaltzea da.
Ikus-entzunezkoak, gazta metafora gisa hartuta, euskaldunek munduan duten tokia aldarrikatzen du. Gaztaren sorrera prozesu osoa erakutsiko du dokumentalak, Euskal Herriarekin parekatuz, ardia jaiotzen denetik produktua ateratzen den arte. Dokumentalean besteak beste, Brian Currin eta Juan Jose Ibarretxe agertuko dira.