GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Laster kantxaratuko den lagunari

Ikusi al huen ETBren lehenengo kateak joan den ostiral gauean eman zuen pilota jaialdia? Ikusi al huen binakako partida? Ikusi al huen David nola aritu zen? Ikusi al huen nolako sasoiaz itzuli den? Ikusi al huen zein ederki mugitu zen kantxan? Ikusi al huen ezker beso hori nola dantzatu zuen? Ikusi al huen, tokaio?

Hasi, ez zuan oso txukun hasi. Urduri oso, sake errazen bat lurrera bota zian eta zailtasunik gabeko pilotaren bat galdu. Normala ere bazuan. Baina di-da batean eman zioan buelta. Lasaitu, lanean hasi, izerditan lehertu eta pilotan egin. Eta handik 22. kartoiraino, gora eta gora egin zian. Hazi egin zuan. Laukoteko onena izateraino. Partida amaitutakoan, hirekin akordatu ninduan. Ezinbestean. «Kirolari profesional bat hilabete gutxi batzuetan maila horretan itzultzeko gai bada...». Gaixotasun arraroa, errekuperazio luzea, pazientzia, lana gogotik egin beharra. «Mikel ez duk, bada, Merino baino gutxiago izango. Egoskorrean, behintzat, ez ziok irabaziko. Topera bueltatuko duk; egurra galanta eman behar ziguk...».

Hik ere, seguru, hankak dantzan izango dituk gure etxe honetako atea zeharkatzen duanean. Piperrik minena jan izan bahu bezala. Ezagutzen haugu. Baina ez duk denbora askorik beharko hire onenera etortzeko. Ikusten haut dagoeneko: mihi nekaezin hori dantzatzen; Eskorbutoren edo Pirritx eta Porrotxen abestiren bat kantatzen -«Maldito país» eta «Ostirala iritsi da» hit-ak ez dituk faltako-; tilde-azentoen zalantza guztiak galdetzen; honetaz eta hartaz, hemengoaz eta hangoaz, eztabaidatzen; teklatua gupidarik gabe tratatzen.

Eta hemengoaz eta hangoaz ari garela, honezkero imajinatuko duk igandekoari begira porra dotorea egina dugula. Apustu galanten bat egina dik baten batek. 100-20ri gisakoak; gorri, beti gorri. Faborito argia zeukaagu gurean. Apenas zegok ezustekoren bat gerta daitekeela uste duenik. Bihotzak hala esanda -eta, behingoagatik, baita buruak ere-, segurura jo diagu.

Ea debutari horiek nola sartzen diren Madrilgo kantxa arrotzean. Kirioak dantzan? Baliteke. Baina haiek ere, Davidek eta heuk bezala, emango ziotek buelta aldarteari, eta asmatuko ditek defentsan, pilota astintzen eta airez tantoa bukatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo