GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Rikardo Arrillaga Trintxerpe

Urrutira eraman gaitzakeen zubia

Sistema espainolaren eta frantsesaren ikuspuntutik, «gaizki» bozkatzen ari gara. Hortaz, ondo ari gara. Madrilen agertzeagatik ez gara espainolagoak edo frantsesagoak

Los abertzales van a hacer 30 años después lo que ya hicimos muchos: aceptar las reglas del juego» (Iñigo Urkullu, 2011-02-07). Olariagak gogoratu zuen lehengoan. Orain, zeharo mikaztuta eta bere onetik aterata, Egibarrek bere nagusiaren okurrentzia errepikatu du. Hain dira zinikoak, hain dute zilborrean mundua... guk eraikitako zubiak haiek dauden tokira eramaten duela ez dute esaten ba!

Bitxia da, baina, nire irudikotz, haiek dauden toki horretan ez dago ezer, basamortua da, denok joan gara handik, gero eta bakartuago daude. Jakitun dira, eta nola gainera. Handik atera ezinik dabiltza, pagotxa bukatu zaielakoan. Eta zuzen daude. Horregatik hasi dira mugitu nahian, mugiarazi ditugu. Horregatik, barregarria da, barregarriak dira, hara goazela esaten dutenean.

Egunotan plazaratzen ari diren inkesten inguruan osatu dituzten gezur eta trikimailuek ederki adierazten dute zein den kolaborazionista horien beldurra. Haien egitura ustelaren amaiera da, gaurdanik haien malda behera hasi da. Negar zotinka ari dira.

Gure zubiak beste norabait garamatza, geuk nahi dugun tokira. Geuk erabakiko dugun tokira.

Horregatik mingarria da gurditik tiraka joan beharko dutenak galdera erretorikoak egiten ikustea. Zuek jada zubia pasatu duzuela esan nahi baduzue, hasi, ba, lanean, hasi, ba, eraikitzen. Gu, kamutsak garenok, galdera erretorikoak egiteko tenorea ez dugunok, pasatuko gara, pasatu nahi dugu. Zuen atzetik goaz? Lasai, hasi zuek, berdin eskertuko dizuegu.

Zalantzak dituzuela. Zein zalantza baina? Zertara goazen? Komeni zaiguna egitera, zertara bestela? Komeni zaiguna, komeni zaigunean, komeni zaigulako. Madrilera joatea ez da helburu bat, tresna bat da. Agertzeko tresna bat, gure burua neurtzeko tresna bat, erreferente sendo bat finkatzeko.

Hara joanda ez ditugula gure proiektuak mamitzen? Hasi, ba, ekiten. Hori zen-eta Batasunaren sorreraren gakoa, nork berea egitea, edozein bitarteko erabiliz. Sistemak parte hartzen uzten gaituelako sistemaren parte garela? Bo, hori hala balitz ezingo genuke arnasa hartu ere egin, egiten dugun guztia sistemaren barruan dago. Gure arrakasta parte hartu ahal izatean datza, eta sistemak onartzen ez duen boza ematean. Errore bat gara kontaketan; sistema espainolaren eta frantsesaren ikuspuntutik, «gaizki» bozkatzen ari gara. Hortaz, ondo ari gara. Madrilen agertzeagatik ez gara espainolagoak edo frantsesagoak. Gure izaera ez dago horren baitan. Horregatik parte har dezakegu zirku horretan, guretzat tresna delako.

Etsaiak badaki, eta «partido del negocio vasco»-koek ere bai.

Zenbat eta hautetsi gehiago, zenbat eta boto gehiago, orduan eta urrutiago eramango gaitu zubi horrek. Ez Madrilen egongo garelako, noski. Gure indarraren erakustaldia izango delako.

Zubi horren harriak bilatu zituztenek, Imanolek, Soniak, Joxeanek... ez dute zalantzarik, nahiz eta Erromako zubiaren beste aldera ezin pasaturik dauden orain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo