Betagarri, Esne Beltza eta Bad Sound System Oiartzunen, Seaskaren alde
GARA | DONOSTIA
Haurtzaro Ikastolak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, Seaskaren alde rock kontzertua antolatu du hilaren 26rako, larunbata, Elorsoro kiroldegian Betagarri, Esne Beltza eta Bad Sound System taldeekin.
Jaialdiaren helburua Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearentzako dirua jasotzea izango da. Xabi Solano, Esne Beltzako abeslari eta Haurtzaro Ikastolako irakaslea, buru-belarri aritu du jaialdia antolatzen. «Parte hartuko duten hiru taldeek eta soinu-enpresak erraztasun izugarriak eman dituzte, Seaskaren alde beren ekarpena egin nahi izan baitute», zioen atzo. Solanok iragarri zuenez, Esne Beltzak denboraldi luze batean emango duen azkeneko kontzertua izango da hau.
Paxkal Indo, Seaskako lehendakariaren hitzetan, «matrikulatzen den ikasle kopurua gora doa urtez urte, ikastola berriak sortzen ari gara, gela berriak irekitzen, baina Administrazioak diru laguntzak kendu dizkigu». Bizi duten krisia «krisi positiboa» dela zioen, «haur asko ditugulako eta gure egoerak berriz ere zazpi Euskal Herriak batzeko aukera eman digulako. Egoera ekonomikoa txarra da, baina itxaropena ona». Sarrerak 10 euroan aurretik; leihatilan, 13.