GARA > Idatzia > Ekonomia

Negoziaketa kolektibo «erreala» exijitu diote ELA, LAB eta ESK-k Osakidetzari

Osakidetzako langileak Gasteizko zerbitzu zentraletan elkartu ziren atzo, kontzentrazio zaratatsu baten bidez negoziazio kolektibo «erreal» bat aldarrikatzeko. Osakidetzak bere «jarrera itxian» jarraitzen duen bitartean, langileen baldintzak okerrera egiten ari direla salatu zuten.

p027_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

ELA, LAB eta ESK sindikatuek elkarretaratze zaratatsua egin zuten atzo Gasteizen, Osakidetzako zerbitzu zentraletan, negoziazio kolektibo «erreal» baten aldeko ahotsa entzunarazteko asmoz. Sindikatuek salatu zutenez, 2009ko abenduan Osakidetzako Lan Baldintzen akordioa bere amaierara iritsi zenetik, negoziazio kolektiborako aukera guztiak ezerezean utzi ditu Osakidetzak.

Horrela, 2009tik hona, aurrerapausorik ez dela egon adierazi zuten eta azken mahai sektorialean Osakidetzak bere jarrera ezkorra «argi» erakutsi duela gaineratu zuten, ez baitu, sindikatuen ustez, lan baldintzen akordio berri bat negoziatzeko inongo intentziorik.

2009ko akordioa agortu zenean mahai sektoriala osatu zuten, non sindikatu guztiek euren plataformak aurkeztu zituzten. Ondoren, administrazioak bere proposamena luzatu zuen. Sindikatuen arabera, proposamen hura, «hutsa eta guztiz eskasa» zen, eta ondorioz errefusatu egin zuten.

Informazio falta ere salatu dute. Izan ere, Osakidetzak negoziatzeko duen jarrera itxiari mahai sektorialari erabakietan parte hartzeko jarritako trabak gehitu dizkiote sindikatuek. «Osakidetzak mahai sektoriala informazio atal soil bat bilakatzeko estrategia jarri du martxan», gaineratu zuten. Hein horretan, Osakidetzak mahai horren bitartez zenbait proiektu baieztatu nahi izan dituela azaldu zuten, eta sindikatuen hitza kontuan hartu ez izana salatu zuten.

Mahai sektorialetik at

Sindikatuen arabera, azken hilabeteetan, langileentzako funtsezkoak diren zenbait proiektu, mahai sektorialetik at erabaki dira. Zehazki OSI sistemak, Arabako Unibertsitate Ospitalea, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, mugikortasun baldintzak, lan eskaintza publikoa eta kontratazioa, eta kartzeletako sanitarioen Osakidetzarako transferentzia dira, sindikatuen hitzetan, «negoziazioa ekidinez, sindikatuen iritzia aintzakotzat hartu gabe eta izugarrizko sekretismoz» erabakitako gaiak.

Horregatik, Osakidetzak izan duen jarreraren aurrean, «erantzun argi eta sendo» baten baten beharra nabarmendu zuten. Era berean, sindikatuek beti negoziazioaren aldeko jarrera hartu dutela nabarmendu zuten, inolako erantzunik jaso gabe. Hortaz, «mahai sektorialeko antzerkiari» uko egitera deitu zuten; lan baldintzen okertzearen aurrean, negoziazio kolektibo «erreal» bat aldarrikatuz.

«kortijo bat»

Osakidetza «kortijo» bat balitz bezala, administrazioak bere interesen arabera erabiltzen duela salatu zuten elkarretaratzean eta langileen hitza kontuan har dezatela eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo