GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Antxon Ezeiza zinemagileari agurra

«Hi haiz herri bat, bihotz eta borroka»

Antxon Ezeiza zinemagileari azken agurra egin zioten atzo Donostiako Polloe hilerrian. Bertsoak, Mikel Laboaren abesti bat eta gaztetako pasadizoen kontaketak entzun ziren euskal zinemaren sortzaileetako baten agurrean.

p044_f02_148x88.jpg

Maddalen LARRINAGA

«Kontatzeko» zuen ahalmena nabarmendu zuten atzo Antxon Ezeiza zinemagilea agurtzeko Donostiako Polloe kanposantura hurbildu ziren guztiek. Kulturgintzako hainbat pertsona, zinemagintzako hainbat, eta lagun asko bertaratu ziren. Guztiek ezaugarri bera gogoratzen zuten, Ezeizak hitz egiteko zuen gaitasuna, bai politikaz, bai beste hainbat konturen gainean ere.

Bertan izan zen Arantxa Urretabizkaia idazlea adibidez, eta honek bere lagun Ezeizarekin izandako bazkariak eta, «are gehiago», afari eta afalondoak gogoratzen zituen maitasunez, «onenak afalondoak» baitziren idazlearen iritziz. «Eman digun guztia gugan gelditzen da», esan zuen.

Azken agurra Egia auzoko Polloe hilerriko beilatokian egin zioten atzo goizean, 10.15ean. Ekitaldia hasterako jendez bete zen aretoa, eta kanpotik jarraitu behar izan zuten askok.

Entzun ziren lehen hitzek Ezeizaren izaera goraipatu zuten. Bere munduan zuen ahalmena, bere eztabaida politikoetan parte hartzea pribilegio bat zela eta antzeko adierazpenak entzun ziren. Euskal munduak Ezeizarekin duen zorra nabarmendu zen ekitaldian, bizi osoan zehar garbi izan baitzuen nolako euskal zinema nahi zuen.

Euskal kulturan garrantzi handia izan zuen pertsona izan zen Antxon Ezeiza. Bere eskuetatik hainbat zinema zuzendari igaro ziren «Ikuska» proiektua, zinema formatuko erreportajeak, abian jarri zuenean. Bertatik, adibidez, Juanba Berasategi animazioko zinemagile pasaitarra igaro zen. Hala ere, proiektu hartan bien artean sortu zen adiskidetasunarekin aurrera jarraitu zuen bikoteak. «Nik Ikuska garaian ezagutu nuen Antxon eta esperientzia polita izan zen. Ez Ikuska zinemako teknika eskola antzeko bat zelako bakarrik, baita bertan eztabaida ideologiko bat zegoelako ere. Nik uste dut euskal zinema eztabaida hartatik datorrela; zinemak hizkuntzarekin zein lotura eduki behar zuen eztabaidatu zen. Defendatzaile amorratua zen», azaldu zuen Berasategik.

Euskal zinema euskararik gabe ez zela ezer esaten zuen Ezeizak, eta behin, eztabaida horietako batean, «perla» bat bota zuela kontatu zion Berasategik egunkari honi. Gaztelaniarekin ikusleak harrapatzea errazagoa zela eztabaidatzen ari ziren garai hartan, eta orduan, Ezeizak zera esan zuen: «Zinema munduan gauza garrantzitsuena ikusleen kopurua bada, goazen euskal zinema txineraz egitera».

Azkenik, ekitaldia amaitzeko, Mikel Laboa abeslari donostiarraren «Haika Mutil» kantua jarri zuten aretoan, eta adiskide, ezagun eta familiarteko guztiek, baita kanpoan gelditu zirenek ere, aho batez abestu zioten Ezeizari abestia.

Xabier Amurizaren agurra

Xabier Amuriza bertsolariak hitz batzuk eskaini zizkion Antxon Ezeizari atzo egin zioten agurrean. Bera ez zen Donostiako hilerrira joan, baina bertsotan agurtu zuen zinemagilea. «Antxon Ezeiza» zuen izenburu bertsoak, eta Polloeko beilatokian elkartu ziren guztiek abestu zioten bertsoa zuzendariari.

«Bizi-eztanda etengabea / oldar bat ukoen aurka / hitza turrustan, irria gainez / irudimena borborka. / Esku batean sentimenduen / bestean ideien sorta / haize ta uren marra ebakiz / Antxon deritzan arroka / hi haiz herri bat, hi haiz arte bat / bihotz bat eta borroka». M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo