GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Nafarroako Lehen Mailako finala

Nazabalen faltan, Lopez eta Larretxea dira faboritoak

Senosiain I.a, Rekondo eta Erasun ere arituko dira gaur arratsaldeko saioan.

Jon LEUNDA

Nafarroako Lehen Mailako finala jokatuko da gaur Doneztebeko pilotalekuan 17.30etik aurrera. Bertan, Lopez, Rekondo, D. Larretxea, Senosiain I.a eta Erasun neurtuko dira, horiexek eskuratu baitzuten kanporaketan finalean aritzeko txartela.

Floren Nazabalen hutsunea izango da nabarmenena. Etxarrikoak, ordea, ezin izan zuen kanporaketan parte hartu, egun pare bat lehenago hankan min hartu zuelako, eta finala ere harmailetatik ikusi beharko du.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu, Euskal Herriko finalarekin alderatuta, bi oinbiko gutxiago. Beraz, lan dezente egin beharko dute aizkolariek, baita ondo egin ere, txapela jantzi nahi duenak.

Hiru beterano eta bi gazte arituko dira nor baino nor, baina helduenak izango dira faborito. Juanjo Lopez da askorentzako txapela lortzeko faborito nagusia. Kanporaketan lehenengo izan zen, eta erreferentzia bezala hori hartuta, jendeak bera ikusten du garaipena lortzeko faborito. Donato Larretxea, ordea, ezin da alde batera utzi. Berak finala ongi prestatu baldin badu, ez da txapeletik oso aparte ibiliko. Euskal Herriko Txapelketan jadanik ez du parte hartzen, eta Nafarroakoan oraindik maila bikainean dabilela erakutsi nahiko du.

Hauekin batera arituko den beteranoa Antonio Senosiain da. Bere lehen helburua beteta joango da, eta zaila izango du faboritoengana hurbiltzea. Lan on bat egin nahiko du gaurko finalean. Beste biak, berriz, gazteak dira. Alde batetik, Jon Rekondo izango da. Kanporaketan bigarren izan zen, eta maila oso ona du. Nerbioekin ibiltzen da gaizki honelako ekitaldietan, baina lasai aritzen bada, lanak emango dizkie bi faboritoei. Bestea, Ander Erasun da. 21 urterekin finaleko gazteena izango da, eta hau ere helburua beteta joango da finala jokatzera.

Gaur arratsaldean Doneztebera hurbiltzen diren guztiek, aizkoraz gain, Euskal Herriko ingude-altxatzeko finala ere ikusi ahal izango dute. Nafarrak eta bizkaitarrak arituko dira lehian, bi herrialde horietakoak baitira neurtuko diren kirolari guztiak.

Urrutia, Bujan Aioroa, I. Ardeo, U. Ardeo eta Uribarnegarai neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 18 kiloko ingudea izango du lanerako, eta minutu eta erdian ahalik eta jasoaldirik gehien ematea izango dute helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo