GARA > Idatzia > Kultura

«Argiaren erreinua», aulkian itsatsita uzten zaituzten «best-seller»-en trazako nobela beltza

p045_f02.jpg

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

«Praga inguruan emakume baten gorpua azaldu da: lepoa moztu diote, eta begiak atera. Ondorengo asteetan, tantaka, emakume gehiago agertu dira, eta bakoitzari gorputz atalen bat falta zaio. Praga iluneko kaleetan hiru ezezagun bildu dira hiltzailea harrapatzeko: Jan, ikerketaren arduraduna; Anna, liburu-denda bateko jabea; eta Fran, bere burua nahigabe abenturan murgilduta ikusi duena. Baina ikerketa honetan ezer ez da dirudiena, eta dena gero eta misteriotsuagoa da, gero eta itogarriagoa, gero eta beldurgarriagoa...». Nobela beltzaren generoari barrenak ateratzen aritu da, «ikerlari« lanetan, Joseba Lozano (Gasteiz, 1962) bere lehen nobela gauzatu aurretik. «Argiaren erreinua» (Alberdania) liburuak klabe dexente gordetzen omen ditu, kontatzen digun istorioa bezala.

Euskal literaturan dagoen «zulo beltza» bete nahian, egia baita ez dela gure artean oso genero maitatua izan, Joseba Lozanok «best-seller» generoaren amarruak erabilita eraiki du bere «Argiaren erreinua». «Bide fronterizo horretan ibiltzeko ez dut lotsarik», argitu zuen atzo, istorio hau sortua delako lehenengo lerrotik bukaera arte irakurlea aulkiari itsatsita gelditzeko. Henning Mankell («Millenium») eta Dan Brown («Da Vince Code») bi muturretan jarriko bagenitu, Lozanok Mankellen antz handiagoa duela aitortu zuen Jorge Gimenez editoreak, estereotipoetatik aldentzen da-eta pertsonaien kontraesanak azaleratzeko. Liburu honetan beste klabe ezkutu bat dago: egileak esfortzu propioa egin du testua irakurterraza izan dadin. Urteetan justizia eta administrazioaren hizkera ulerterrazak bihurtzen aritu da Lozano; HAEE-IVAPeko euskara zerbitzuko buru da egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo