GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langileak kaltetzeko «gizarte elkarrizketa»

Madrilgo Gobernuak, PSOEren eskutik, hainbat erreforma eta «krisiaren aurkako neurri» onartu ditu bukatzear den legegintzaldian, sindikatuen eta patronalaren arteko akordiorik gabe onartu ere, langabezia murriztu eta ekonomia suspertzeko onuragarriak zirela esanda. Sindikatu espainiar nagusiek orduan «gizarte elkarrizketa» delakoaren mesedetan langileen interesak baztertu egin zituzten, eta gero, berandu eta gaizki, beren protesta ahula agertu zuten. Orain argi dago langileentzat hain kaltegarriak izan diren aldaketa horiek ez dutela beren ustezko helburua bete, are argiago Gobernu espainol berriaz arduratuko den alderdiak beste lan erreforma bati heltzeko asmoa duelako. Eta sindikatu horiek ondo dakite langileen eskubideak areago murriztuko dituela. Alabaina, orain artean ekonomia suspertzeko balio ez duen bide baten gainean negoziatzea onartu dute, PPk akordiorik gabe ere erreforma aurrera aterako duela esan duen arren. Horiek horrela, langileen baldintzak kaskartzeko negoziazioa onartu ondoren, sindikatuek erreforma onartzea ala ez gutxienekoa izango da, gobernuek patronalaren interesen aldeko neurriak hartzeko egiten duten itxurakeria ontzat jotzea baita. Sindikatu horiei ere iritsiko zaie berriro haserre plantak egiteko ordua, baina orduan berandu izango dute, eurek eta, batez ere, langileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo