Ur Apalategi (*) UPPA, IKER
Euskararen ofizialtasunari buruz
Frantziak erakusten duen salbuespen «linguistikoa» guziz anakronikoa da, funtsean oinarri ideologikoak besterik ez dituena
Europan, Frantziaren auzo diren herrialde guztietan, historian mintzatu izan diren hizkuntzek, estatuko hizkuntza ofizialak ez izanagatik, legezko ofizialtasun zerbait badute, modu batean edo bestean. Adibidez, 1978ko Espainiako Konstituzioak, 3. artikuluan, dio: «Espainiako gainerako hizkuntzak ofizialak dira dagozkien erkidego autonomoetan, betiere euren estatusari jarraikiz», argiki adierazten duelarik, beraz, euskara euskal herrialdeetan hizkuntza ofiziala dela gaztelerarekin batean. Frantziak, haatik, betiko jarrera bera du: «eskualdeetako hizkuntzak» delakoei ukatzen die egiazko ezagutza ofiziala. Konstituzioko 75-1 artikulua, «Eskualdeetako Hizkuntzak Frantziako ondarearen parte dira» errateko aldatu zena, ez da hitz hutsezko adierazpena baizik, batere ondoriorik eta indarrik gabekoa, hala nola garbiki baieztatu baitute azken urteetan izan diren auzitegietako jujamendu guziek. Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da, eta Konstituzioko 2. artikuluak (1992), bai eta frantsesaren erabilerari buruzko legeak (1994) ere, harrian zizelkatu dituzte eskualdeetako hizkuntzak ukatzen dituzten hitz horiek.
Altabada, eskualdeetako hizkuntzen ofizialtasunaren eskaera behin eta berriz agertzen da gizartean. Euskaltzaindiak, 1994an, euskararen ofizialtasuna galde egin zien Frantziako agintariei, baina ez zitzaion galde horri segidarik eman. Korsikako Biltzarrak, bere aldetik, 2011ko uztaileko «Fogliu di strada lingua corsa 2011-2014» txostenean, jakinarazi du korsikeraren ofizialtasun-estatusa erdiesteko urratsak abiatzen dituela.
Bizi dugun bozen aitzineko testuinguruak parada egokia ematen du ofizialtasunaren eskaera entzunarazteko. Oraingo gobernuak beti ezetz erran dio eskualdeetako hizkuntzen edo hizkuntza gutituen Europako Karta indarrean jartzeko galdeari, eta, berdin, ez du onetsi hizkuntza horiei dagokien ofizialtasun estatusaren emateko eskaera ere. Are gehiago, 2008an hitz eman zuen legearen beharrik ez dela dio orain. Ezkerra irekiago ageri da: 2012ko presidente bozetako hautesle sozialistak jakinarazi du hautetsia balitz, Konstituzioaren aldaketa gogoan erabil lezakeela, ondotik Europako Karta onargarri izateko gisan. «Haatik, frantsesa hizkuntza ofizial bakarra» (Corse-Matin, 2011-09-15) dela azpimarratzen du.
Esperantza izateko da gai honetaz kezkatuagoak bide diren hemengo hautetsiek jarrera tinkoago bat erakutsiko dutela auzi honetan eta bururaino eraman nahiko dutela. Frantziak erakusten duen salbuespen «linguistikoa» guziz anakronikoa da, funtsean oinarri ideologikoak besterik ez dituena, eta egungo Europako testuinguruan arras desordukoa. Zenbait politikarik Euskaltzaindiaren eskutik bideratzen den euskararen arautzeak dakarren ofizialtasuna aipatzen dute, hizkuntza akatsen zuzentzeko eta izen berezien finkatzeko araugintzak euskarari izaera ofiziala emango balio bezala. Baina, argi da lan horrek ezin eman diezaiokeela euskarari gizartean eta bizitza publikoan beharrezkoa duen legezko ezagutza, ez eta geriza gutieneko bat segurta liezaiokeen estatusa ere.
Gutun honen izenpetzaile garen euskararen alorreko ikertzaile eta ikertzaile-irakasleek dei egiten dugu euskararen ofizialtasunaren eskaera entzunarazteko ondoko hilabeteetan, bai eta halaber ongi azaltzeko zein presa eta premia handikoa den galde horren bururaino ekartzea.
(*) Artikulua sinatzen dute baita ere Charles Videgainek (UPPA, IKER); Aurelie Arcocha, Jean Casenave, Irantzu Epelde eta Miren Ibarluzeak (Bordeaux 3, IKER); Urtzi Etxeberria, Ricardo Etxepare, Aritz Irurtzun eta Bernard Oyharçabalek (CNRS, IKER); eta Jean-Baptiste Coyos eta Jasone Salaberriak (IKER)