2012ko antxoa kanpainarako behar besteko biomasa dago, Azti-Tecnaliak azaldu duenez
Juvena ikerketaren emaitzek agertzen dutenez, irailean 207.000 tona antxoa zeuden Bizkaiko Golkoan. Hortaz, 2012ko arrantza kanpainarako nahikoa espezie izango direla iragarri zuten atzo kanpainaren arduradunek; 75.000 tona antxoa egongo dela aurreikusten dute.
Hurrengo urteko antxoaren arrantza kanpainarako iragarpen baikorra egin du Juvena 2011 ikerketak; izan ere, Azti-Tecnaliak irailean Bizkaiko Golkoan egindako azterketak egiaztatu duenez, 207.000 tona antxoa zeuden itsasoan. Datu horri esker Europar Batasunak ezarritako Harrapaketa Kopuru Baimenduari (TAC) eutsi ahal izango zaio. Atzo argitaratu zituzten ikerketaren emaitzak Donostian, Rogelio Pozo Azti-Tecnaliako zuzendari nagusiak, Jon Azkue Lakuako Gobernuko Arrantza eta Elikagaien Industriarako sailburuordeak eta Alicia Villauriz Itsas Arloko idazkariak (Ingurunen eta Landa eta Itsas Eremuko Ministerioa) eginiko agerraldian.
Azti-Tecnaliako zientzialariak Bizkaiko Golkoko uretan barneratu ziren irailean, antxoa gazteen populazioa zenbatekoa zen kalkulatu eta Juvena 2011 kanpainan argitaratzeko asmoz. Antxoa gazteen banaketa espaziala ere neurtzen du ikerketak. Emaitza onak jaso dituztela diote ikertzaileek, eta Azkuek ere hori baieztatu du, Bizkaiko Golkoan antxoa gazteen banaketa eremu oso zabala aurkitu baitute, iazkoaren antzekoa eta aurreko urteetako kanpainetakoa baino askoz handiagoa.
Emaitza horiek izango dituzten ondorioei dagokionez, bi nabarmendu daitezke. Batetik, antxoaren Harrapaketa Kopuruari (TAC) eutsiko dio Europar Batasunak eta gehienez 29.700 tona harrapatu ahal izango dira, gainera kopuru hori 2012 eta 2013ra arte luzatu ahal izango litzateke. Bestetik, 2012an biomasa ugaltzailearen stock-a Zuhurtzia Biomasaren maila baino handiagoa izango litzateke. Itsaso Azterketako Nazioarteko Kontseiluak 33.000 tonatan kokatu zuen zuhurtzia maila. Stock-ak zuhurtzia neurri hori gainditzeko, beti ere, negu honetan aurreko urteetakoaren antzeko biziraupen maila ematea ezinbestekoa da.
Portuak hobera
Azkuek adierazi zuen jasotako emaitzek eta azken urteetako bilakaerak portuetan eta arrantzaleen etorkizunean ondorio baikorrak izango dituztela. Datuen arabera, 2011n portuetan lehorreratu den antxoa kopuruak 8.750 tona gainditu ditu, eta kiloko batez beste 2,06 euro ordaindu dira. Guztira 18 milioi eurotik gorako diru sarrerak eman ditu. 2010eko datuak xumeagoak dira; 4.700 tona inguru lehorreratu ziren, kiloko 2,72 euro ordaindu ziren eta 13 milioi eurotik gorako salmentak izan ziren. Bost urtez antxoaren merkatua itxita egon ostean, 2009an berriro ireki zutenetik jasotako daturik onenak direla nabarmendu du Azkuek.
Arrantza eta kanpaina akustikoaren teknika darabiltza Juvena ikerketak. Itsasora ultrasoinuak igortzen dituzte eta erreboteari esker eremu horretan dagoen antxoa kopurua kalkula daiteke.