GARA > Idatzia > Kultura

Harkaitz Cano: «Sekula idatzi ditudan lerro gordin eta zoriontsuenak dira»

Errua, maitasuna, traizioa, indarkeria, gerra zikina eta, batez ere, adiskidetasuna jorratzen ditu Harkaitz Cano idazle lasartearrak «Twist» nobela berrian (Susa). Laugarrena du eta «mina egiten duen konpasaren orratza» 80ko hamarkadan jarri du, bera zortzi urteko gaztetxoa izan arren, esnatzen hasi zela aitortu baitzuen idazleak.

p044_f01_199x112.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano haien laguna zen eta idazleak betiko txertaturik daramatza gogoan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin pasa ditu hogeitaka urte, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna, bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.

«Norbere larrutik ihes egin eta larru berri bila itsumustuan dabilenaren desafioak, korapiloak, menturak» kontatzen ditu Canok «Twist» nobelan. «Isiltasunaren kontrakoa da», azaldu zuen atzo egindako aurkezpen ekitaldian Susa argitaletxeko editore Gorka Arresek. Saioa Donostiako Udal Liburutegian egin zuten eta aretoa jendez bete zen, Canoren sorkuntza berriaren ingurukoak jakiteko irrikaz.

«Nobela bat idaztean, garrantzitsuena da konpasaren orratza non ipini. Hau da, non dagoen mina liburu horretan, zer min edo orbanek eramaten zaituzten liburu bat idaztera. Kasu honetan, orratz hori 1983. urtean kokatu dut arrazoi sentimentalengatik», azaldu zuen Canok. Urte hartan idazleak zortzi urte besterik ez zituen arren, «esnatzen» hasi zela aitortu zuen.

Istorioa 80ko hamarkadan 20 urte dituzten hiru pertsonaiaren inguruan kokatu du. «Pertsonaiak fikziozkoak dira, istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak bai istorioa 80ko hamarkadako ispilu `deformante' batean izan dira jarriak. Eta ispilu horretan identifikagarri egingo dira 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi izan zirenak, ispilu hori baita errealitate hori finkatzeko modu bakarra», azaldu zuen Canok.

Liburuan Lazkanok du hitza. Idazlea da, baina lagunen oroimena du etengabe buruan. Hala, «flashback etengabe bat» da nobela, Lazkanok «buruan dituen oroitzapenetan atzera egiten baitu».

Donostia du erronka

Donostia eta Bartzelona zapaltzen ditu Lazkanok liburuan zehar, nahiz eta Canok ez duen Donostia gehiegi maite bere liburuetarako. «Tarteka, geografia oso donostiarra da. Nire buruari proposatu nion erronka bat izan da; izan ere, Donostiak beti molestatu egin izan dit fikzioan, kloroformo dosiak txertatu izan dizkiet Donostian kokatu ditudan fikzioei nire talentu faltagatik», esan zuen.

Bestetik, Bartzelona aprobetxatuz, hain gustuko duen arte garaikideari buruz hitz egiten du Canok hainbat ataletan zehar, baita atal osoak hartuta ere.

«Sekula idatzi ditudan orrialderik gordin eta zoriontsuenak dira hauek», aitortu zuen Canok. «Badago ahalegin bat gordintasunari eta, aldi berean, zorionari buruz hitz egiteko. Eta, beharbada, orrialde zoriontsuenak dira idazteko zailenak», gehitu zuen.

Genero guztietan barrena

Harkaitz Cano idazle irekia dela esan daiteke; ez da zurruntasunean bizi eta literatura genero anitz landu izan ditu urteetan zehar; poesia, narrazioak, nobelak, kronika... «Kea behelainopean bezala» (Susa) poesia lana da, 1994an kaleratua. Txikitan bere jaioterriko, Lasarteko, uholde eta zuhaitzak ageri dira bere lehen poema liburuan.

«Ipuina da gustukoen dudan generoa, `Telefono kaiolatua' (Alberdania, 1997), `Bizkarrean tatuaturiko mapak' (Elkar, 1998) eta `Neguko zirkua' (Susa, 2006) dira horren lekuko. Nobelagileari maleta bat egiteko esan eta mudantza bat antolatuko dizu. Ipuingileak ez: behar duen dosia baino ez du honek maletan sartuko. Ipuin bat destolesten denean, sukaldeko zoruan kabitzen da, hiri bateko plano bat bezala», esan zuen behin.

Lan oparo guzti horren ondoren, hainbat sari jaso ditu Canok. 1992. urtean Imajina Ezazu Euskadi saria jaso zuen. 1993. urtean Donostia Hiria saria, 1998an Ignacio Aldekoa saria eta 2005an «Euskadi Saria» jaso zuen.

ATXIKIMENDURIK EZ

Harkaitz Canok 80ko hamarkadan kokatu du bere istorioa. Bera gaztetxoa zen garai hartan. eta hori abantailatzat jo du, gertakizunekiko «atxikimendu» handiegia izaten dugula uste baitu.

GENEROETAN ZEHAR

«Twist» Harkaitz Canoren laugarren nobela da, Susak kaleratu duena. Hala ere, literatura munduan hainbat genero landu izan ditu 1994an hasita. Narrazioa, poesia edota kronika ere idatzi izan ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo