Berezkoak
Astelehenean abiatuko da Superprestigioa Donibane Garazin
J.L.
Buruz Buruko Txapelketaren ondotik, bakarka jokatzen den lehiaketarik garrantzitsuena da Superprestigioa, eta astelehenean abian jarriko da Donibane Garaziko Garat trinketean. Partida guztiak hor jokatuko dira.
Aurtengo berrikuntza nagusia Waltariren sakea izango da. Orain arte, bakoitzak nahi zuen bezala ateratzen zuen, baina oraingoan kubatarrak euskal pilotariak bezala atera beharko du, behetik gora, alegia. Antolatzaileen proposamena onartu du pilotariak, baina garbi utzi du ez duela hemendik aurrera beti gauza bera onartuko.
Txapelketa bi adarretan jokatuko da, eta bi adar horiek finalean bakarrik gurutzatuko dira. Lehenengoa, astelehenean hasiko da, 16.00etatik aurrera, eta aurreneko partidan Ezkurra II.a eta Jannots neurtuko dira. Bigarrengoan, berriz, Ozafrain eta Laurent Lanbert arituko dira. Bi irabazleak final-laurdenetan neurtuko dira abenduaren 19an. Hori gainditzen duenak, berriz, Waltari izango du aurrez aurre abenduaren 26ko finalerdian.
Beste adarra abenduaren 12an hasiko da, eta lehen partidan Bonebeltxe eta Larretxea neurtuko dira, eta bigarrengoan, berriz, Kurutxari eta Ximun Lanbert. Bi irabazleek final-laurdenetako partida abenduaren 19an jokatuko dute, eta hori gainditzen duenak finalerdian Harizmendiren aurka neurtuko beharko ditu indarrak abenduaren 26an. Finala, berriz, urtarrilaren 8an jokatuko da, 17.00etatik aurrera.
Faboritoa aipatzerakoan, garbi dago hori Waltari dela. Kubatarra da egungo txapelduna eta ez da batere erraza izango berari txapela kentzea. Sakea aldarazi diote, baina horrekin ere onena dela erakutsi nahi du. Dudarik gabe, multzo hau izango da zailena eta gogorrena, Ezkurra II.a eta Ozafrain ere bertan baitaude. Harizmendiren multzoa berriz, ustez, samurragoa da, nahiz eta hori gero ikusi beharreko kontua den.