GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen eskubideak aldarrikatzeko, Eleak-ek manifestazio deialdia egin du Durangorako

p013_f02.jpg

Jon ADAN | BILBO

Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak abenduaren 7an Durangon (asteazkena, arratsaldeko 18.00etan) manifestazioa egingo duela iragarri zuen atzo Bilbon. Mobilizazioaren leloa «Euskal Gazteria libre eta legala! gazte bat gehiagorik ez!» izango da.

Aldez aurretik, euskal gazteak etengabe jasaten ari diren eskubideen zapalkuntza salatu zuten, azken urteotan 300tik gora lagun atxilotu, mehatxatu, jazarri, bahitu edota jipoituak izan direla gogora ekarrita. Egoera horrek «jarduera politikoa ez ezik, bizimodu normala egitea» galarazten dietela gaineratu zuten.

Horren harira, iragan astean hainbat gaztek isiltasuna apurtu eta polizia ezberdinen aldetik pairatzen duten jazarpena publikoki salatzeko izan zuten «ausardia eta tinkotasuna» txalotu zuten, eta «babes osoa» adierazi zieten.

Bestalde, gazteek Euskal Herriak bizi duen fase politiko berriarekiko duten konpromisoa berretsi zuten, guztienganako errespetua oinarri izango duen benetako egoera demokratikoaren alde aurrerapauso sendoak eman dituztela nabarmenduz.

«Mugiarazi»

Presio poliziala baliatuz, aurrerapauso horiek zapuztea bilatzen dutenen jarrera salatu zuten, eta «mugitu nahi ez duten horiek ere denen artean mugiaraztea» premiazkoa dela adierazi zuten.

Halaber, jazarpena jasaten duten gazte guztiei babesa eskaintzeko eta beren eskubideekiko errespetua aldarrikatzeko, euskal gazteriari kalera irteteko deia egin zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo