Donostiarrek auzoetako bileretan izandako jarrera goraipatu du Izagirrek
Hiru hilabetean zehar Donostiako auzoetako bizilagunekin bilerak izan ostean, Udaleko Partaidetza sailak atzo esan zuenez, kezka orokorren artean daude etxebizitza, TAO eta garraio publikoa. Ondorio nagusien artean, komunikazio guneak sortu beharra nabarmendu zuten.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Hausnarketa sakonaren ondorioak aurki jakinaraziko dituzten arren, atzo Donostiako Udaleko Parte Hartze sailak eman zuen hiru hilabetez auzoz auzoz egindako batzarren lehen balorazioaren berri. Juan Karlos Izagirre alkateak hiritarren jarrera irekia goraipatu zuen, eta elkarrizketa sustatzeko azaldu duten prestutasuna azpimarratu zuen; bere iritziz, hau egitea ez baita lan makala. «Auzotarrak bete-betean inplikatu dira; hunkigarria izan da».
Hiriko auzo bakoitzak berezko nortasuna eta ezaugarriak dituela aintzat hartuta, behar eta kezka ezberdinak dituzte, baina, hala ere, Amaia Agirreolea Auzoak eta Partaidetza departamentuko zuzendariak adierazi zuenez, eskaera batzuk orokorrak dira; esaterako, donostiarrek TAOren inguruan hausnarketa egin behar dela uste dute, kasu.
Hiriburuko kanpoaldeko au zoetako bizilagunek bestalde, adierazi dute euren auzora heltzeko autobusak tarteko auzokideez betetzen direla, eta, horrenbestez, bidaia luzatu egiten dela. Horiek autobusen maiztasuna handitzea eskatzen dute, «auzo bakarrean ere ez baitute eskatu tarteko auzoetako bizilagunak autobusera ez igotzea», azpimarratu zuen.
Udaltzaingoaren presentzia handitu beharra ere aipatu zuten batzarretan, baina ez isun edo zigorrei begira, laguntza behar izanez gero, gertutasuna bermatuta edukitzeko baizik.
Natur espazioekiko errespetua da laugarren ardura nagusia, eta horregatik, hirian egin litezkeen eraikuntzen aurrean bertako lurra babestea eskatu zuten bizilagunek.
Azkenik, eskaera orokorrei dagokienez, gazteei zuzendutako etxebizitzak eraikitzea da donostiarren nahia, horien portzentaje bat bertako gazteentzat erreserbatuz.
Elkarrizketarako guneak
Auzo guztietan bi bilera izan dira, Altzan salbu, bertan hirugarren bat egin baitute «aurrenekoa labur gelditu zelako», Agirreolearen hitzetan. Lehenengoan gutxi gorabehera mila pertsonak hartu zuten parte eta bigarrenean, ia zazpiehunek.
Bilera horiek amaitu direnean, Partaidetza, Informazio eta Ingurumen zinegotzi Axier Jakak adierazi zuenez, ondorio batzuk atera dituzte. Batetik, «komunikazio espazioak sortzeko beharra handia» dela eta gune hauek, elkarrizketa sustatze aldera, «oso baliagarriak» direla. Gainera, herritarren beharrei behar bezala erantzun ahal izateko, bizilagunak «ondo antolatuta egotea garrantzitsua dela esan zuen, lan hori eraginkorragoa izan dadin.
Proiektu honen atal honekin amaituta, orain udal langileek lanean jarraituko dute, jasotako informazioa hausnartu, kudeatu eta pixkanaka, ahal den neurrian, eskaerak asetzen hasteko. Gainera, urtarriletik aurrera, eta «gardentasuna» bultzatzeko asmoz, Udalaren webgunean auzo bakoitzean jasotako informazioa eskuragarri izango da.
Alkatearen ustez, bileren arrakastak politika beste modu batean egitea posible dela egiaztatu du. «Ez da parte hartzea bultzatzeko arrazoirik falta, borondate politikoa da falta dena».
Horren harira, Izagirrek Martutene eta Txomin Eneako uholdeen ostean egindako bilerak aipatu zituen eta, une gogorrak izan ziren arren, positibotzat jo zituen. Hain zuzen, gaur arte zabalik egongo da Etxarrieneko bulegoa. Bihartik aurrera, udaletxeko Udalinfora jo beharko dute kaltetuek edota 010 telefonora deitu. www.donostia.org gunean ere informazioa eskuragarri egongo da.
Bileren ostean hiritarrei banatu zitzaien galdera- orriaren arabera, 5etik 4,3ko balorazioa eman diote donostiarrek ekimenari, «eroso eta aske» hitz egiteko aukera izan dutela adierazita.
Uholdeen ondorengo auzolana goraipatu zuen alkateak. Auzo batzuetan aurretik egiten zela ohartarazita, eredutzat hartzera dei egin zuen, «barne kohesioa indartzen duen tresna baita».