GARA > Idatzia > Kultura

«Txinpartak bizirik irauteko hauspoa» jaso du Gerediaga elkarteak Lauaxeta sariarekin

Durangaldeko Gerediaga elkarteari eman dio aurten Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta saria, «euskara eta euskal kultura sustatu, hedatu eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginagatik».

p045_f02_97x100.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Gure lanaren eta esfortzuaren txinpartak bizirik irauteko hauspo bat eman diguzue», esan zuen atzo hunkituta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko zuzendariak Lauaxeta saria jasotzean. Euskararen Egunaren karietara ematen den sariaren zazpigarren edizio honetan Durangaldeko elkarteari aho batez aitortu dio Bizkaiko Diputazioak hainbat kultur arlotan egindako lana: Durangaldeko ondare historikoa, artistikoa eta dokumentala berreskuratzea, folklore-adierazpenak mantentzea, eskualdearen iragana ikertzea eta lan berriak sustatzea, besteak beste.

«Durangaldea bizi egiten dugu eta bizirik sentitzen dugu», adierazi zuen atzo Mujikak, baina gero berak azpimarratu bezala, «Anbotoko magaletik harago igerri dute gure tirakada». 1965ean sortu eta urte berean antolatu zuten Durangoko Euskal Disko eta Liburu azoka. Atzoko ekitaldian erakutsitako bideo batean azaldu zituen Jose Luis Lizundiak hastapen horiek. «Eskualdea aipatzen zen Euskal Herria aipatu ezin zelako, baina euskal kultura sustatzeko sortu zen», azaldu zuen, eta legeztatzearen xehetasunak ere ekarri zituen gogora; Iñaki Aizpurua enpresari durangarrak Fraga Iribarnerekin egin zuen topo Talgoan, Madrilerako bidaia batean, eta legeztatzea adostu zuten. Ordura arte debekatuta zeuden hainbat ekintza Gerediagaren izenean antolatzen hasi ziren orduan; AEKren gau eskolak, esaterako.

Sorrera hartatik ia mende erdi pasatu da dagoeneko eta Mujikak aitortu zuenez, «krisiak ere jo du gure elkartean, baina gogotsu gabiltza jende berria erakarri nahian. Haize freskoa garaile da gurean eta haize honekin atzera begiratuz aurrera egiten gabiltza».

Horren guztiaren erakusle izango da igandean hasi eta abenduaren 8ra bitartean ospatuko den Durangoko Azokaren 46. edizioa, «euskaltzaleen urteroko hitzordu» bilakatu dena. «Katea ez da eten», esan zuen Lizundiak, eta Mujikak erantsi: «Hasierakoek erakutsitako ausardiarekin gatoz, euren izaera galdu gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo