GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | LIBURU MUSIKALA

Haurrekin «esku jokoak» egiten

Irri, txalo eta hitz gutxi batzuk entzun zitezkeen Oihana Esquirol Picabeak bere «Esku jokoak» lana aurkezten zuen bitartean. Aldiz, begi handi, borobil eta harrituak irudikatzen ziren haurren aurpegietan. Hiru urte arteko haurren artean liburuarekin batera datorren diskoa entzutean dantza batzuk ere ikusi ahal izan ziren.

p047_f02.jpg

Idoia ERASO

Ziburuko Luma haurtzaindegi euskaldunean Oihana Esquirol Picabeak liburuan agertzen diren esku jokoen ikuskizuna aurkeztu zuen atzo. «Ama bilakatu nintzenean konturatu nintzen haur txikientzat oinarri pedagogikoa duten kantutxoen eskasia zegoela. Hasieran nire haurrarentzat egiten hasi nintzen, eta gero pentsatu nuen beste guraso batzuk egoera berean egongo zirela», azaldu zuen idazleak.

Behar horretatik abiatuta, irudiak, kantuak eta istoriotxoak sortu ditu Esquirol Picabeak. Profesionalen laguntzarekin diskoa grabatu du eta Gatuzain argitaletxearekin aurkeztuko du Durangoko Azokan liburu musikatua. Azokan ikuskizuna ere egingo du idazleak, eta horren ondotik Ziburun hasitako haurtzaindegi eta liburutegietako itzuliari ekingo dio berriz ere.

Basurcoren azkena

Ziburun ibilalditxo bat egin ondoren, haurtzaindegitik Xaia tabernara joan ginen gai serioez hitz egitera. Han zegoen Maria Jose Basurco «Souvenirs d'ici et d'ailleurs» liburua eskuetan. «Gatuzainek Durangorako bi liburu aurkezten dituen lehen aldia dela uste dut», azaldu zuen Joana Irigarai editoreak. «Irakuleen artean interes handia dago Maria Jose Basurcoren liburuen agerraldiekin, horregatik urte bukaera baino lehen atera nahi izan dugu», gaineratu zuen.

Urtea bukatzeko 2011n Basurcok Euskal Herriko Kazetan argitaratu albisteen bilduma da aurkeztu berri den liburua. «Denetarik dago, gaurkotasunezko albisteak eta oroitzapenak. Adibidez, ETAren arma uzteari buruzko berria hor dago, eta ez nuen uste nuen bezala erreakzionatu», aipatu zuen idazleak.
Aurten, Gabonetarako opari aukera berria eskaini du Gatuzain argitaletxeak, urte osorako harpidetza; urteko berritasunak etxean jasotzeko aukera izango dute oparia jasotzen dutenek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo