GARA > Idatzia > Kultura

«Olentzero & Co!» pop-rock musikala Bilbon eta Iruñean izango da aurten

p046_f02_97x88.jpg

GARA | BILBO

Iazko arrakastak bultzatuta, «Olentzero & Co!» pop-rock musikala taula gainean izango da aurten ere. Oihan Vegak idatzi eta musikatutako lanaren emanaldi bikoitza egingo da abenduaren 8an Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta abenduaren 27an, berriz, Iruñeko Baluarten izango da.

Peruren istorioa kontatzen du ikuskizunak. Bere gurasoak auto istripuan hil geroztik eta amaordearekin bizi denetik ez da zoriontsu eta Olentzerori horixe eskatuko dio Gabonetan: zoriontasuna. Amaordeak apurtu egingo dio gutuna eta Peru Olentzeroren bila abiatuko da orduan. Bidean iratxoak, lamiak eta Anbotoko Mari ezagutuko ditu.

5.000 ikusle baino gehiago izan zituen iaz ikuskizunak, eta antolatzaileek azaldu zutenez, Donostiako Kursaal aretoan egindako emanaldirako, adibidez, hiru aste lehenago agortu ziren sarrerak.

Aitor Biain zuzendari duen Bergarako Orfeoia, Imanol Urzelai gidari duen Aritzeta abesbatza, Bergarako Musika Eskola eta Eibarko Biraka dantza taldeak osatzen dute ikuskizuna, taula gainean 200 partaide inguru bilduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo