GARA > Idatzia > Kultura

Rock-and-rollak Petti eta Xabi «arima bikiak» bertsio disko batean elkartu ditu

Petti beratarra eta Xabi Señor No otsailean hasi ziren elkarrekin zuzenekoak ematen. Disko batean bildu dituzte orain zazpi bertsio eta Pettiren kantu berri bat.
p046_f03_138x88.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Dotore ikusi izan ditugu zuzenekoetan, paparreko parpailadun alkandora eta guzti, bi gitarra soilez rock-and-rolla egin daitekeela erakutsiz. «Aspaldidanik ezagutzen genuen elkar, bertsioak egiten hasi ginen eta umeen moduan pasatzen dugu», aitortu zuen atzo Xabik, Donostiako Señor No taldeko abeslari eta gitarristak. Joan den otsailean hasi ziren elkarrekin zuzenekoak ematen, bertsioak eginez, «kantu zaharrak berritzen» eta orain Gaztelupeko Hotsakin kaleratu dute diskoa, binilo formatuan ere eskuratu ahal izango dena.

Chris Casello amerikarra hemen inguruan biran zebilela aprobetxatuz ekin zioten diskoa grabatzeari. Berak grabatu zuen steel gitarra Pettiren «Satorra» kantuan. «Nahiko arraroa izan zen. Lehengo gitarra grabatu genuen eta gero kantua gainetik». Hauxe da diskoko abesti berri bakarra, «nahiko `souleroa' da, `fronterizoa', jende askok hawaiarra dirudiela ere esan dit», esan zuen beratarrak.

Gainerako zazpi kantuak bertsioak dira: Freddie King-en «Hideaway»; Willie Nelsonen «I never cared for you»; Bacharach, David eta Williamsen «Baby it´s you»; Ray Charlesen «I got a woman»; Andre Williamsen «Díselo» (Xabik egindako moldaketan); John D. Loudermilken «Mr. Jones»; eta, Steve Marriotten «Amaren seme» (Bernardo Goietxeren moldaketan).

Rock-and-rolla, rhythm and bluesa eta soula nahastu dituzte, baina baita rumba doinuak ere Willie Nelsonen kantuan. «Ez genuke sekula pentsatuko gu bion artean rumba bat egingo genuenik. Baina jostatzen hasi ginen eta barreak egin genituen. Ijito batzuek ere lagundu digute kaxoiarekin eta `palmekin'», azaldu zuen Pettik.

Bestelako kolaboraziorik ere izan dute. Galiziako Ultracuerpos taldeko kideak, Amaiur taldeko Naroa Gaintza, Rafa Acebes pianoan edo L.M. Moreno Pirata saxoan, besteak beste. Gainera, lehenengo aldiz, Xabi euskaraz eta Petti gazteleraz kantatzera ausartu dira, «tratua egin genuen», esan zuten.

Denbora faltagatik ez omen dituzte kantu gehiago grabatu, baina urtarriletik aurrera abiatuko dituzten zuzenekoetarako bertsio eta kantu berriak badituztela jakinarazi zuten «bi arima bikiek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo