GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Atrezzoak

Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa du. Argazkien magia, une zehatz-mehatz bat betiko finkatzeko boterea; garai batean nolakoak ginen eta ingurunea zein genuen gogorarazteko, azaltzeko, hitzekin soilik hankamotz geratuko ginatekeelako, baina argazkiak atera eta, horra, zenbait une jakinen batuketatik pertsona baten bizimodua hobeto irudikatzen has zaitezke. Polita da hori, ederra joandako garaiak gogora ekartzeko edo ondoan egon ez zen norbaiti erakusteko jarduera. Hitzek ase ezin duten jakin-minaren lasaigarri, ikusi arteko zehaztasun ezaren amaiera, begiekin ikusten dugunetik aurrera hasten baikara sinesten.

Lehen, argazkiak hori baino ez ziren, errealitatearen isla mugiezina, errealitate horren segundo bakar batena bazen ere... Orain ere hori izaten jarraitzen dute, benetako munduan bizi garenon bizitzan, behintzat. Izan ere, norberaren bizitzaren atrezzoa osatzen duten irudiak daude, eta gero badaude jendartearenak direnak, onartu ala ez, bai ala bai, inposatuta, ikusi behar ditugunak. Publizitate-enpresetako bulegoetan erabaki, egin eta merkaturatzen direnak, kontu handiz, hartzailearengan eragiteko asmo osoz: guk saldu, zuk erosi. Mundu horretan, besteak beste, ezinbestekoak dira irudiaren magoak, irudi arrunt batetik perfektutasuna lortuko dutenak. Promesaren bilgarrien egileak. Egun, mago hori Photoshop deitzen da, eta ordenagailuetan bizi da. Irudiaren garaian jaio zen, irudiak berak nahikoa indar izateari utzi zionean. Eta Photoshopek lortu du, zer ez dugu lortuko gizakiok, Sharon Stonek beti edukitzea 35 urte, Julia Roberts oraindik izatea pretty woman eztabaidaezina, eta batik bat, emakumeen balio gorenak edertasuna izaten jarraitzea, perfektutasuna egia bihurtuta. Irudiari fidelak gatzaizkiolako, irudi batek erakusten diguna ez dugulako zalantzan jartzen.

Photoshopek ez zahartzeko aukera ematen du, une jakina eta une horretako ezaugarriak gezur bihurtzekoa. Aukera hori ematen du, eta erruz erabiltzen ari da, munduaren atrezzoa kontranatura bilakatuta. Batez ere, munduan denbora gutxi daramaten eta gizakiok sorturiko tolesdura eta konplexutasun guztiak oraindik ezagutzen ez dituztenentzat: gaztetxoentzat.

Euren perfektutasun fisikoaren eredua gezurretan, are gehiago, ezintasun biologikoetan, bilarazita. Beti gabiltza gazteekin kezkatuta, alegia, etorkizuneko helduekin, familiartean eta ikastetxeetan balio jakin batzuk irakatsi nahian, egungo helduen munduan betiereko gaztetasuna, edertasun fisikoa eta zahartzaroaren itsusitasuna sekula baino bortitzago eta lotsagarriki sustatzen den bitartean, neurririk gabe, batik bat emakumeengan, bestelako salbaziorik ez balego bezala.

Irudiaren garaian, bizitzaren eta honen eboluzio ekidinezinaren egiazkotasuna, edertasuna, irakaspena ezabatu egingo baditugu, norberaren eszenatoki grafikoa eta munduarena bateraezina eta erabat bestelakoa bihurtu arte, etorkizunean Dorian Grey triste eta amorratuz beteriko mundua izango da hau. Eta hori bai irudi beldurgarria, norberaren bilakaeraz lotsatuta giltzapetu egingo duen jendartearena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo