Gipuzkoako aurrekontuen gaineko akordioa, erantzukizunaren eta heldutasunaren erakusgarri
Akordioa ona izaten da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi printzipioen gainetik lortu behar dela; hala ere, badira haren premia handiagoa egiten duten egoerak. Eta gaur egungo egoera ekonomikoak aurrekontuei buruzko negoziaketa batean malgutasun berezia eskatzen du alde guztietatik. Hau da, erantzukizuna eta heldutasuna. Horixe erakutsi dute Gipuzkoako aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa lortu duten indarrek. Itunaren ondorioz, EAJk Bilduren aurrekontuen aurkako osoko zuzenketa atzera bota zuen eta datozen sei hilabeteetan ez dute errauste plantaren gaineko erabakirik hartuko. Atzo PSEren eta PPren osoko zuzenketek talde horien sostengua baino ez zuten jaso eta, hartara, datorren 23an bozkatuko dituzte aurrekontuak. Segur asko ez dira sinatzaileetako bakoitzak nahi zituen aurrekontuak eta biek utziko zituzten beren ustez garrantzitsuak diren zenbait kontu albo batera, baina akordioa une honetan ezinbestekoa zen gipuzkoarren premiei erantzuteko, eta aurrekontuak blokeatzea, berriz, gipuzkoar askorentzat oso kaltegarria izango zatekeen. Ez zuen balio edozein aurrekontuk, eta ahalik eta onenak adostu beharra zegoen.