GARA > Idatzia > Mundua

Panamako diktadore ohia kartzelatu dute, 60 urteko zigorra betetzeko

p021_f00-97x104.jpg

GARA | PANAMA

Manuel Antonio Noriega, Panamako diktadore izandakoa (1983-1989) atzo hasi zen ezarri dioten 60 urtetik gorako kartzela zigorra konplitzen.

Noriega igandean iritsi zen Panamara, Estatu frantsesak estraditatua, Ameriketako Estatu Batuetako Armadak 1989an atzeman zuenetik 20 urte igarota. Urte hauek AEBetako eta Estatu frantseseko kartzeletan eman ditu, narkotrafikoa eta dirua zuritzea egotzita.

Kartzelatu zuten unean, diktadorearen biktimen senideak kartzela inguruan bilduta zeuden, elkarretaratze baketsuan, agintariek bertara inguratzea debekatu zuten arren. «Legea bete dadin nahi dugu, epaia ezartzea. Justizia panamarrokin zorretan dago 22 urtez», adierazi zuen Roberto Brenesek, 80ko hamarkadan erregimenaren aurka mobilizazioak antolatu zituen mugimendu bateko kideak.

Diktadore ohia hiriburura iritsi eta zuzenean kartzelara eramango zutela adierazia zuen Panamako lehendakariak, Ricardo Martinellik, «pribilegiorik gabe».

Baina kondena etxean betetzeko aukera izan lezake Noriegak, 71 urtetik gorako eta gaixotasun larriak dituzten presoak etxera bidaltzeko aukera ematen baitu Panamako legediak.

Jorge Yerwood medikuak kartzelara iristean azterketa egin zion eta ehuneko ehunean bakarrik moldatzeko gaitasunik ez duela adierazi zuen. Burmuineko isuria izan zuen eta mugitzeko zailtasunak ditu.

Noriegari ezarritako kondena bi erailketa -Hugo Spadafora eta Moises Girondi-, bi desagerketa eta eskubide zibilen urraketan oinarritzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo