GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sindikatuek hasi dute presoen alde astebetez egingo den baraualdia

Egin Dezagun Bidea ekimenak euskal presoen alde antolatutako baraualdi txandak hasi ziren atzo sindikatuen eskutik. Hala, lantegi asko batu ziren eguerdian egindako elkarretaratzeetara. Gaur gazte mugimenduetako kideek hartuko dute lekukoa. Atzo, 12 orduko baraualdiari hasiera eman aurretik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak PPri exijitu zion eman ditzala pausoak espetxe politika berri baten alde.

p012_f01.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Abian da igandera arte euskal preso politikoen eskubideen defentsan Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu duen baraualdia. Gaur gazte mugimenduen txanda izango da, eta datozen egunetan irakaskuntza- koek, feminismoak, alderdi politikoek eta eragile sozialek emango diote segida, hurrenez hurren. Igandean, abenduaren 18an, amaituko da aste osoko mobilizazioa, bukaerako ekitaldi batekin. Azken egunerako, elkarretaratzera deitu dute, 12.00etan, Donostiako Bulebarrean.

Atzo sindikatuen txanda izan zen. LAB, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta ESK sindikatuek hartu zuten parte. Donostiako EHUko Ibaetako campusean ari dira egiten baraualdia, eta 12 orduko txandak egingo dituzte. Hainbat eragile sozialek eta kolektibok ere euren babesa eskaini diote mobilizazioari.

Eguerdiko hamabietan, baraualdiari hasiera emateko, aipatutako sindikatuen ordezkaritza batek, hogei bat lagunez osatuak, EHUko Donostiako Carlos Santamaria zentroaren atarian elkarretaratzea egin zuen, «Euskal presoen eskubideen alde. Baraualdia. U7-Bilbora» lelopean. Ordu berean, Euskal Herriko beste makina bat txokotan ere, kontzentrazioak egin zituzten sindikatuek deituta.

Agerraldia hasi bezain laster, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta STEE-EILASeko bozeramaile Arantza Fernandezek adierazpenak egin zituzten. Biek ere gatazkaren konponbiderako espetxe politika berri bat bultzatuz pausoak emateko eskatu zioten PPri. «Gaur-gaurkoz agenda politiko guztietan dagoen gai baten gainean erabakiak hartu behar direla aldarrikatzeko», euskal presoen euskal herriratzearen alde batu zirela azaldu zuen LABeko idazkari nagusiak, eta positibotzat jo zuen azken egunetan aldarrikapenak «biderka- tzen» ari direlako.

Gizarteari «konpromisoak biderkatzeko» eta kalera ateratzeko deia egin zion, «urrats berriak» egiteko ordua dela aldarrikatuz. «Gure esku dago presio sozialaren bidez benetan aurrerabideko urratsa ematea», adierazi zuen Etxaidek. Era berean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) publiko egindako ekarpena positibotzat jo zuen. Ildo horretatik gaineratu zuen presoek ez dutela soilik espetxe politika aldatzeko eskatzen, «espetxe politika aldatzera eramango duen bidean ekarpenak egiten ari dira», esan zuen.

Amaitzeko euskal preso politikoen eskubideen alde antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko, eta bereziki, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako urratsak egitea ere eskatu zuen LABeko idazkari nagusiak.

Atxikimenduak, goraka

Eragile politikoei dagokienez, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk ere atxikimendu osoa eman diote Egin Dezagun Bidea ekimenak egunotarako antolatu duen mobilizazioari. Eusko Alkartasunak prentsa ohar baten bidez dei egin zien bai EAko militanteei, bai oro har gizarte osoari, espetxeratuen eskubideen aldeko aldarrikapenean inplikatzera.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak Egin Dezagun Bidea ekimenak plazaratzen dituen eskakizunekin euskal jendartearen gehiengoak bat egiten duela nabarmendu, eta datorren gobernu espainolari, PPri alegia, ahal den «azkarren» aurrerapausoak emateko eskatu zion.

Badiolaren ustetan, Euskal Herriaren egoera politiko berriak euskal preso politikoen eskubideei dagokienez «distentsio neurriak» hartzea eskatzen du. Era berean, Gernikako Akordioak eskatzen dituen neurrien artean «espainiar legedia betetzea» ere eskatzen dela, eta hain justu, «une hauetan Estatuak berak urratzen» duela puntu hori ere ohartarazi zuen. Hilabete honetan euskal presoen eskubideen alde izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuen EAko Komunikazio idazkariak.

Mobilizazioak han eta hemen

Makina bat lantegik jaso zuten kontzentrazioetan parte hartzeko lekukoa atzo. Euskal Herriko hiriburuetan ez ezik, eskualdez eskualde atera ziren langileak kalera sindikatu abertzaleek deituta. Eguerdian izan zen zita kasu gehienetan, baina arratsalde partean ere izan ziren beste batzuk. Besteak beste, Oarsoaldean, Tolosaldean, Durangaldean, Aiaraldean, Erriberan edota Ipar Euskal Herrian burutu ziren geldialdiak.

Urtarrilaren 7ko manifestaziorako bidean, Egin Dezagun Bidea ekimena herriz herri ari da ekintzak prestatzen. Villabonan, esaterako, eragile sozial, norbanako, preso ohi, presoen senide eta lagunak Gabonetara begira preso eta iheslarien aldeko ekimenak antolatzen dabiltza elkarlanean.

Herriz herri ere, eta astero legez, presoen aldeko mobilizazioek aurrera jarraitzen dute. Esaterako, Hondarribian 29 lagun batu ziren larunbatean eta, igandean, 45 Otxandion. Atzo, Gernikan 43 lagunek parte hartu zuten elkarretaratzean; Ondarroan, 69 elkartu ziren; Zaldibarren, 17; Iurretan, 38; Añorgan, 8; Altsasun, 58; Ataunen, 22; Ordizian, 19; Otxarkoagan, 19; Altzan, 29; Abadiñon, 16; Laudion, 41; Euban, 10; Astigarragan, 16; eta San Pedro Trintxerpen, 18.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo