Adostasunik gabe jarraitzen du Kulturaren Euskal Kontseiluak
Kulturaren Euskal Kontseilua Bilbon bildu zen atzo, eta otsailaz geroztik lanean ari diren talde eragileen jardueren berri eman zien Blanca Urgellek bertako partaideei. Urte berriari begira, 5 milioi euroko aurrekontua izango duen 2012 Fundazioa iragarri zuen.A. ARRUTI | BILBO
Kultura politikak hausnartu eta proposatzea xede duen Kulturaren Euskal Kontseiluak (KEK) bere osoko bilkura egin zuen atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Ateak itxita egin zen hiru ordu inguruko bilera, eta Lakuak ondoren igorritako prentsa oharraren arabera, talde sektorialek eta zeharkako lan taldeek egindako lanaren berri eman zuen Blanca Urgell Kultura sailburuak. 2011rako planteatuta zeuden hamasei taldetatik guztiak martxan daudela adierazi zuen, eta talde sektorialei dagokionez, 20 proiektutatik hamasei. Bileran Lakuako ordezkariak izan ziren, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako diputazioetakoak, hiru hiriburuetako udaletakoak, Eudelekoak, eta bestelako kultur eragileak.
«Denok egin dugu ahalegina norberaren ikuspegi propioak eta bakoitzak plan estrategikoaz duen ezagutzak -batez ere erakundeetan pertsona berriak sartzearen ondorioz baldintzatua- lanaren erritmoa moteldu ez dezaten», esan zuen Urgellek. «Erakunde publikook datorren urterako ditugun aurrekontuen ezaugarria da gastuari eutsi egiten zaiola», gaineratu zuen, «eta, zenbaitetan, kultura-politikak gauzatzeko oso garrantzitsuak diren zenbait kapitulu murriztu ere egin direla».
Josune Ariztondok, Bizkaiko Kultura diputatuak, ordea, kritikak izan zituen Kontseiluaren metodologia eta marko teorikoarekiko. «Bileren aldikotasuna» ez errespetatzea salatu zuen. «Esan digute lan taldeak lanean egon direla, baina erakundeoi ez zaigu informaziorik zuzendu. Erakunde arteko batzordea ez da deitzen eta urtean eduki beharko lituzke lau batzar», esan zuen. Hauteskundeen ondotik, gainera, ordezkaritza ezberdina dago orain eta lan taldeen nondik norakoen informazioa ukatzen dela azpimarratu zuen Ariztondok. Esparru teorikoan ere inolako aurrerakuntzarik gabe jarraitzen dutela erantsi zuen, batik bat, euskararen trataeraren gainean dauden desadostasunak tarteko.
Bestalde, hastera doan urteari begira, «2012 Kulturen, Bakearen eta Askatasunaren Urtea» deritzona iragarri zuen Urgellek. «Proiektua Euskadiko zenbait herriren bonbardaketaren 75. urteurrenaren karietara sortu da, ETAren jardueraren behin betiko etenaren iragarpenak ireki duen garai berriaren esparruan», azaldu zuen, «kultura, sormen eta pentsamenduaren talaiatik indarkeriaren jatorriari eta ondorioei egindako begirada bat». Patxi Lopez lehendakariak lehendik iragarrita zuenaren arabera, Lakuako hainbat sailek parte hartuko dute espresuki horretarako eta ekitaldiak antolatzeko sortuko den 2012 Fundazioan. 5 milioi euroko aurrekontua izango du eta urtea bukatzearekin batera desagertuko da fundazio hori.