Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Ze ipuin kontatu? eta nola?
Pertsonak egiten du jendartea ala jendarteak pertsona?», bota zuten aspaldi soziologian. Ipuinak kontatzerakoan antzeko kezka edo gogoeta izan ohi dugu batzuetan; alegia, ipuina da ideien, jokaeren edo balioen transmisorea ala kontalaria? Horretaz ari ginen Bea eta biok, herri ipuinetan emakumeen irudiaren agerpenaz. Eztabaida zaharra bezain luzea, eta askotan korapilatsua, kontalariok geure lanean izan ohi ditugun gogoetez gain, horrek ikusleengan eragin ditzakeen harrera eta erantzuna ekidin ezina baita. Kontu zaharrak bere horretan kontatu ala aldatu? Ipuin berriak sortu, balio, jokamolde eta imajinario berrietan oinarrituak? Sormena ideien mesedetan ala ideiak sormenaren eragile? Brecht-ek langile bat historiaren aurrean galdezka jarri zuen bezala, kontalariok ere, sortzaile garen aldetik, istorioen aurrean galdezka jarri beharko dugu.
Ni kontu zaharren zale amorratua izateaz gain, defendatzailea ere banaiz. Kontu zaharrak ez dira, idatzitakoen aldean, istorio amaituak, finkatuak, mugiezinak; aitzitik, etengabeko aldaketak bizi dituzten narrazio komunitarioak dira. Garaietan barrena kultura zein egoera ezberdinetara egokitzen eta moldatzen joan diren sorkuntzak dira. Zer alda daitekeen eta zer bere horretan utzi? Hara hor galdera. Horri erantzuteko kontu zaharrak ezagutu behar dira, eta euren garapena, soziala zein kulturala.
Kontalariak horri ekin beharko dio, baina bizi duen jendartearen gainean gogoeta egin ere bai, bere jarrerak, jokamoldeak, kontradikzioak. Kontalariak ezin baitu izan jendartetik aparte bizi den sortzailea. Baina, kontalariak bakarrik?