GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Txapelketa

Azurmendi eta Atutxa buru direla abiatu da lehiaketa

Juanjo Lopezek eta Ander Erasunek irabazi dute lehenengo kanporaketa, Senosiain anaiak menderatuta.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Hemen da aurtengo Binakako Urrezko Aizkora. Herenegun jarri zen abian Lizarran, eta martxoko lehen igandean, edo otsaileko azkenekoan, oraindik erabakitzeko baitago, jokatuko da finala Azpeitian. Bi multzotan banatuta arituko dira aizkolariak, eta aurten kanporaketa zuzenak izango dira hasieratik, eta ez ligaxka, aurreko urteetan egin den moduan.

Lehen multzoan, Juanjo Lopez eta Ander Erasun izan dira estreinako irabazleak. Lehen kanporaketa pasa den larunbatean jokatu zuten Lizarran, eta garaipena erdietsi zuten Senosiain anaien aurka. Sei proba ezberdin egin behar izan zituzten, eta horietatik lautan garaile atera ziren, bat berdindu egin zuten, eta beste bat, berriz, galdu. Lan guztiak egiteko 22 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten, eta Olagueko anaiek, aldiz, 23 minutu eta 22 segundo.

Orain, Lopezek eta Erasunek Donato eta Ohian Larretxearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Hori irabazten duenak finalerdietarako txartela segurtatuta izango du, eta multzoko lehen postua Arrospideren eta Mugertza II.aren aurka jokatu beharko dute. Neurketa horretan garaipena lortzen duenak multzoko lehen postua eskuratuko du, eta galtzen duenak, berriz, bigarrena lortuko du.

B multzoa datorren igandean Leitzan hasiko da. Bertan, Rekondo eta Mujika Olasagastiren eta Txapartegiren aurka neurtuko dira. Kanporaketa hori gainditzen duenak, Otaegi eta Otañoren aurka aritu beharko du. Hori irabazten duenak, multzoko lehen postua izango du jokoan Azurmendiren eta Atutxaren aurka, egungo txapeldunen aurka, alegia. Azken orduko aldaketarik ez baldin bada, A multzoko lehenengoak B multzoko bigarrengoen aurka neurtuko dira finalerdietan, eta B multzoko lehenengoak, berriz, A multzoko bigarrenen aurka.

Azken urte hauetan, maila nagusiko lehiaketaz gain, beste bi edo hiru lehiaketa ere antolatu izan ditu Egur Sport enpresak, baina aurten zalantzan omen daude. Krisiaren eragina nabarmena da, eta oraingoz ezin dute segurtatu jokatuko diren edo ez. Aurrera eramateko ahaleginetan ari dira, baina herriek eta babesleek izango dute azken hitza.

Kanporaketak

Aizkolariak bi multzotan banatuta arituko dira, baina aurreko urteetan ez bezala, aurtengo txapelketan lehen saiotik kanporaketa zuzenak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo