GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Bonebeltxek eta Kurutxarik sakearen bidez egin dute Superprestigioko final-laurdenetarako bidea

J.L.

Bonebeltxek eta Kurutxarik lortu zuten atzo Donibane Garazin Superprestigioko final-laurdenak jokatzeko txartela, eta datorren astelehenean elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi pilotariek sakearekin erabaki zituzten kanporaketak.

Lehen partidan Bonebeltxek aise menderatu zuen Larretxea, 40 eta 18. Dena erabakita zuen 49 minututan, izan ere, sakearekin sekulako triskantza egin zuen. Dena dela galdutako sake asko itzultzeko modukoak izan zituen Larretxeak, baina errestoan ahul ibili zen, eta horrela irabaztea oso zaila izaten da.

Kanporaketa honek lehen hiru kintzetan bakarrik izan zuen emozioa, hiru berdinketa izan baitziren. Hortik aurrera, kolorerik gabeko partida izan zen. Bonebeltxe berehala hasi zen tartea zabaltzen, eta amaieran oso garaipen erosoa lortu zuen. Saketik 15 kintze egin zituen, eta lau besterik ez Larretxeak. Jokoan egindako tantoetan ere tarte handia egon zen; 14 egin baitzituen, eta erdiak Larretxeak. Galdu, berriz, zazpi eta hamaika egin zituzten. Markagailua, honela joan zen: 1-0, 1-1, 2-2, 3-3, 9-3, 11-4, 15-7, 19-8, 22-10, 24-11, 28-13, 36-17 eta 40-18.

Bigarren partidan ere ez zen aparteko ezer gertatu, Kurutxarik, nahiz eta bere boladarik onenean ez egon, oso erraz irabazi baitzion Ximun Lanberti, 40 eta 25. Partida honetan irabazlea oso azkar aurreratu zen, eta denbora gutxian bederatzi tantoko aldea lortu zuen. Horri eustearekin nahikoa izan zuen Lanbert menderatzeko. Norgehiagokak 53 minutu iraun zituen. Saketik 16 kintze egin zituen Andde Kurutxarik eta bi besterik ez Ximun Lanbertek. Jokoan 20 egin zituen irabazleak, eta bi gutxiago galtzaileak, eta galdu berriz, 5 eta 4. Partida honetako markagailua honela joan zen: 1-0, 8-1, 11-2, 15-9, 22-11, 24-12, 30-15, 33-23, eta 40-25.

Final-laurdenak astelehenean jokatuko dira. Alde batetik Ezkurra II.a eta Ozafrain neurtuko dira, eta horren ondoren, berriz, Kurutxari eta Bonebeltxe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo