Papiroen antzeko album ilustratua osatu dute Arrate Egañak eta Marimar Agirrek
M. I. | DONOSTIA
«Dragoia» du izena Arrate Egañaren eta Marimar Agirreren lanik berrienak, baina izaki deigarri eta beldurgarri hauek agertzen badira ere, ipuina «nahiko errealista» da, idazle errenteriarrak egin ohi dituenak bezalakoa. Ereinekin kaleratutako album ilustratu honek bi umeren arteko harremana du ardatz. Egañari hagitz interesgarria iruditzen zaio zein zailak izaten ahal diren batzuetan erlazio hauek.
Liburuko protagonista herrialde berri batera iristen den neska txinatar bat da. Tokiz kanpo sentitzen da eta anitz tristatzen da ikaskide batek iseka egiten diolako. Andereñoak, hori ikusita, elkarrekin jartzen ditu etxeko animaliei buruzko lan bat egiten eta han hasten da bakoitza bereak zerrendatzen: hamsterra, dortoka... halako batean, neskak, berotuta, etxeko armairuan dragoi bat gordetzen duela botatzen duen arte!
Ilustratzaileak, Agirrek, anitz gozatu du Egañarekin lanean eta motibo txinatarrak maite dituenez, papiro itxura eman dio albumari.
Ipuin arraro eta fantastikoa
«Dragoia» ez bezala, Karlos Linazasororen eta Antton Olariagaren «Nuvolari plaza» ipuina, hau ere Ereinekin ateratakoa, erabat fantastikoa eta naturaz gaindikoa da. Franti zaharra bizi den herria xelebrea da eta halakoxeak dira bertako biztanleak eta gertakariak ere, umorez, ironiaz eta poesiaz «oso gaurko mezua» josten duen lanean.