GARA > Idatzia > Kultura

«Analektak», idatzi gabe idatzitako liburua, plano bakar bat errodatu gabe egindako pelikula

Harkaitz Canok azaldu bezala, ez da berria idatzi gabe liburu bat idazteko ametsa, edo plano bakar bat errodatu gabe pelikula bat osatzekoa. Eta Victor Gomez Pin filosofo katalanaren liburuak anitz du horretatik.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Hainbatek bezala, Victor Gomez Pin filosofoak bizitza osoko bidelaguna du Marcel Proust. Atzoko aurkezpenean kontatu zuenez, «À la recherche du temps perdu» (denbora galduaren bila) liburuko narratzaileak aisialdiz betetako bizia darama gerra betean. Egun batean, etxe bateko bestara doala, goiko liburutegira sartzen da ideia batekin: denboraren kontingentzietatik ihes egin nahi du metafora batean. Liburu bat hartu eta poema eder bat aurkitzen du, metafora bat, eta Victor Hugoren bertso bat: «Hazi behar du belarrak/ eta hil behar dute haurrek». Egoera horretan dagoela jaira jaisten da eta han bere helmuga aldatzen da. Hortik aitzinera 300 orrialde goibel eskaintzen dizkio desegiten ari den mundu baten deskribapenari.

Baina zer gertatu da liburutegiko proiektu horrekin? Uko egin dio metafora batean denboraren kontingentzietatik ihes egiteko nahiari? Hori jakiten ahalegindu da Gomez Pin eta horregatik aukeratu ditu Prousten liburutik metaforaz gainezka dauden testuak. Duela bi urte, Juan Ramon Makuso eta Alexandra Segura kideekin batera, hilabete eman zuen Pasai Donibanen bizitzen eta proiektu honetan lanean.

Lurdes Auzmendi Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi zuenez, argi izan zuten hasiera-hasieratik laguntza osoa eman behar ziotela egitasmoari. «Edizio honen literatur interes bereziaz berehala jabetu ginen, eta ahalegin horretan zerikusi zuzena izan du Gomez Pinek sorrarazitako errespetuak eta konfiantzak, Prousten obraren ezagutzaile sakona baita».

Hariadna argitaletxeak kaleratutako liburu honetan, jatorrizko testua etenik gabe azaltzen da frantsesez; itzulitako bertsioetan, berriz, Gomez Pinek propio jarritako izenburu batek aurkezten du zati bakoitza eta horri esker segituan konturatzen da irakurlea pasartearen edukiaz. Joxan Elosegik euskarara, Alexandra Segurak katalanera eta Jose Mayoralasek galegora itzuli dute testua, eta Juan Ramon Makuso aritu da guztien arteko koordinazio lana egiten.

Irakurle nagien meatzari

Bertze proustzale batek, Harkaitz Canok, agertu zuen berak ez dituela idaztea eta irakurtzea bereizten: «Irakurtzea idazketa mental bat da, gauza batzuk iltzatuta gelditzen zaizkizu eta besteak ahaztu egiten dituzu. Irakurritakoa azpimarratzea ere idaztea da; besteen liburuen gaineko azpimarrak izaten dira gehienetan guk obra originaltzat saltzen ditugunak». «Idazkurleak» batzuetan disimulatu egiten du bere jarduna; bertzeetan, ordea, erabat agerian uzten du. Hori egiten du Gomez Pinek Proustekin, jada existitzen den pelikula baten muntaketa bat, film luze baten bertsio laburra, hautatzea, itzultzea eta birsailkatzea badelako idazteko modu bat. Erran ohi da obrak berak sortu behar duela obraren posteritatea, baina Canoren arabera, bitartekari on batek lagun diezaioke XXI. mendeko irakurle nagiarentzat, denborarik gabe dabilenarentzat, meatzari lanak eginez klasiko handi baten pentsamenduan eta poesian barna.

MARCEL PROUST

Marcel Prousten «À la recherche du temps perdu» (denbora galduaren bila) obra marduleko testu batzuk aukeratu ditu Victor Gomezek, eta gaztelaniara itzuli. Ondotik, euskarara, katalanera eta galegora ekarri dituzte hitzok itzultzaile batzuek eta hala osatu dute lana bost hizkuntzatan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo