GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñat Olazabalaga Leiza Albaitari eta abeltzaina

Durangoko hiltegia S.O.S

Abenduaren 11n Durangon Bizkaiko azken hiltegia zabalik mantentzearen aldeko manifestazioa egin zen, bertan hainbat abeltzain, harakin eta kontsumitzaile bilduz.

Badira urte pare bat Zorrozakoa itxi zela Bizkaiko Aldundiaren eta zenbait erakunderen bultzada handia jaso arren. Durangokoak bitartean erasoak besterik ez zituen jasan, bertara eramaten ziren abereak Zorrozara eramatera behartzeko. Lehenago Durangoko hiltegiaren barruan zeuden hainbat udalek Zorrozakoa bultzatzearren bizkarra eman zioten Durangokoari, goitik ematen zieten agindua zela «argudio potoloa» aitzakiatzat erabiliz. Azkenean, Zorrozakoak porrot egin zuen eta Durangokoa itxita egon zen bitartean eskualdeko hainbat abeltzainek Urkaiko (Zestoa) eta Oñatira bidaltzen zituzten abereak, honek zekarren gastua beren gain hartuz eta Zorrozara bidaltzea ekidinez. Honek frogatu zuen abeltzainek Durangoko hiltegiaren filosofia nahiago dutela, makrohiltegi batena baino; alegia, hilketa tradizionala, tratu pertsonala, kudeaketa garbia, izaera publikoa eta, oso garrantzitsua, abereen garraio azkarra.

Ondoren, Erralde sortu zen hamabost udalerriren babesarekin. Durangoko hiltegiaren ardura hartu zuen berriro zabalduz eta Berrizen hiltegi berria egiteko konpromisoaz. Uste dut denok gaudela ados Durangoko hiltegia herriak xurgatu duela eta sanitate arauak ondo betetzeko berritu beharra daukala. Berrizko hiltegi berria egiteko dena dago martxan, lurra, hamabost udalerriren babesa, %40ko finantziazioa..., baina hemen ere lizentziak lortzeko hiru urte behar izan dituzte erakundeen borondate eskasagatik.

Orain dela hogeita hamar urte inguru itxi ziren herrietako hiltegi publikoak eta eskualdekoak sortu, batez ere sanitate arazoengatik. Orduan udal pila egon ziren Durangoko hiltegian sartuta, eta erabaki politiko bategatik bizkarra eman zioten. Orain aurreiritzi politikoak alde batera utzi, eta udalek Bizkaiko azken hiltegiari babesa emateko aukera daukagu. Bertako abeltzain eta nekazariak dira gure ingurugiroaren edertasuna mantentzen dutenak. Kontsumo iraunkorra, produktu ekologikoak, bertako produktuak... antzinako nekazaritza tradizionalera garamatzate, modernitatearen abantailak alde batera utzi gabe.

Krisiak denoi gerrikoa estutzen digun garai hauetan berriro Arratia eta Bizkai guztiko udal guztiei deialdia: aisialdirako eta beste zenbait gauzatarako erabiltzen diren aurrekontuak mahai gainean jarri eta Berrizko hiltegi berrian parte hartu nahi badute ebatzi dezatela, azken finean Bizkaiko nekazari herrien izaera jokoan baitago, baita bertako produktuak kontsumitzen dituzten herri handiena ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo