GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Burujabetza, etorkizun ekonomikoa bermatzeko

Gasteizen egindako ekitaldian, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Euskal Herriak eredu ekonomiko propioa garatzeko tresnak behar dituela nabarmendu zuen, eta, Estatu espainolak daraman bideari kontrajarriz, herri honek bere norabidea zehaztu behar duela adierazi zuen. Izan ere, aurreko gobernuak bezala, Mariano Rajoy buru izango duen hurrengo exekutiboak ere langileen kontrako eta kapitalaren aldeko politika egingo duela iragarri zuen, eta politika horrek euskal herritarrak hondoratu ez ditzan burujabetza ekonomikoa ezinbestekoa dela uste du sindikatu abertzaleak. LABen iritzirako, Madrilgo Gobernuak eredu zentralizatzaile bat inposatu nahi du, eta asmo horiei aurre egin behar zaie, ez bakarrik Euskal Herriak eta euskal langileriak beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar dutelako, baizik eta Estatu espainolean indarrean dagoen sistema ekonomikoak porrot egin duelako. Erabat, gainera. Eta hanka sartzea litzateke gurean sistema ekonomiko horri ateak parez pare irekitzea.

Tresna egokiak eta burujabetza aldarrikatzen ditu, beraz, LABek, baina ez gaur egun hemengo instituzioek -Lakuako Gobernuak, besteak beste- egiten duten politika egiteko, hau ere okerra baita, baizik eta bestelako eredu bat bultzatzeko, gastu soziala handituko duena eta Europaren neurrira jarriko gaituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo