Sabino Arana Fundazioak Aieteko Konferentzian egindako lana saritu du
EAJren menpeko Sabino Arana Fundazioak Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia saritu du. Fundazioaren lehendakari Juan Maria Atutxak azaldu duenez, «bakea lortzeko prozesuan oso mugarri berezi eta esanguratsua izan da» Aieteko Konferentzia.
GARA | BILBO
EAJren menpeko Sabino Aranak Fundazioak urrian Donostiako Aiete jauregian ospatu zen Nazioarteko Bake Konferentzia saritu zuen atzo, «ETAren behin betiko su-etena posible egiteagatik». Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak, Juan Maria Atutxa Gasteizko legebiltzarreko presidente ohiak, eta Irune Zuluaga erakundeko zuzendariak hartu zuten parte, eta, nabarmendu zutenez, «Euskadin bakearen alde mantendu den borroka eta konpromisoaren sinboloa da» Lokarrik eta nazioarteko bitartekariek Donostian antolatu zuten bake konferentzia.
Atutxak Bizkaiko hiriburuan bildutako komunikabideen aurrean azaldu zuen bezala, Aieten ospatutako bileran ETAren agiria posible egin zuen «txinparta» piztu zen. «Bakea konkistatzeko prozesu horretan oso mugarri berezi eta esanguratsua izan da joan den urrian Donostian nazioarteko lider nabarmen zenbait eta euskal gizartearen zati handi eta zabal bat bildu zituen Nazioarteko Bake Konferentzia», esan zuen.
«Lehengoa eta ostekoa bereizi zituen, eta ez alferrik; handik hiru egunera, urriaren 20an, ETAk bere erabaki historikoa, jarduera armatua lagatzen zuela, jakinarazi zuen», Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren lehendakariak oroitu zuenez.
Gatazkaren biktimak
Beste aldetik, Gipuzkoako EAJko presidenteak, Joseba Egibarrek, ETA erakunde armatuari eta ezker abertzaleari gatazkak utzitako biktimekiko «begirune etikoa» falta zaiela esan zuen atzo. EAJko legebiltzarkidearen ustez, begirune etiko falta horrek «sinesgarritasun falta» eragiten die euskal gizartearen aurrean.
ETBri eskainitako elkarrizketa batean, Egibarrek ezker abertzaleak biktimei buruz egindako adierazpenaren ondorioz sortutako eztabaida «antzua» dela esan zuen. Bere ustez, ETAk hartutako erabakia arrazoi politikoek eragin dute, ez begirune etikoak.
«ETAk biktimei buruz hausnarketa sakon bat egin behar du, ez du balio jadanik gatazka bukatu dela esatea», nabarmendu zuen Egibarrek.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen ustez, Aieteko Konferentzia «ezinbesteko urratsa izan da, baina ez da nahikoa. Bide asko dute oraindik ere egiteko».