Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Berearen gorrotoa?
Isabel Celaak herenegun iragarri zuen Euskal Herriko Unibertsitateak aurrekontu murrizketak pairatu beharko dituela datorren urtean. Ez da harritzekoa, nahiz eta desiragarritzat ere ezin jo. Egoera ekonomikoa ikusita, kultura eta hezkuntza, tamalez, aurrenak dira murrizketen zerrendan.
Benetan haserretzeko modukoa da, ordea, Celaak, hezkuntza eta unibertsitateetako sailburuak, unibertsitatea orain arte «mizke hazi dela» esatea. Hasteko, bere departamentua izanik, defendatzea espero genezakeelako, eraso egin beharrean. Bigarrenik, onura garaietan hezkuntzan dirua sartzea ez delako bekatua, gauza laudagarria baizik. Eta azkenik, eta askotan aipatu dugun bezala, krisia askotan aitzakia bezala erabiltzen delako mantendu nahi ez diren egiturak, hotsak eta iritziak ezabatzeko. Horren adibidea, Udako Euskal Unibertsitatearentzako diru-laguntza falta nahiko susmagarria hurrengo urteko aurrekontuetan. 1973tik euskal goi-hezkuntza baten alde lanean diharduen elkarte onartu eta eraginkorra instituzioen babesik gabe geratuko ote da garai ilun hauetan? Hala dirudi.
Krisi garaian ez dago aukera errazik; hala ere, instituzioak azken kasu guztietan okerrenak hautatzen dabiltza. Eta modu okerrenetan gainera. Orain arte hezkuntzaz eta kulturaz arduratu direnek guztion kontura bizimodu ederra gozatu dutela ulertaraziz gizarteari; urteetan eta urteetan bizimodurik ederrena gaur egun krisia gutxi pairatzen duten banku eta eraikitzaileek izan dutela ahaztaraziz. Zertara garamatza joko maltzur honek? Kulturaren demonizaziora. Hori bai aurrerapena eta berrikuntza. Lan ona, Celaa anderea.