Karmele Artetxe, Lore Erriondo, Aitzpea Leizaola (*) UEUko zuzendariak
Izena eta izana
Gasteizko aurrekontuek, alabaina, ez dute UEUri esleitu ohi zaion diru-laguntza ezereztu. Zuzenki subentzioaren onuradunaren izena ere desagerrarazi dute
Euria ari du. Gogotsu. Zorioneko krisialdiak (zorigaitzeko, hobeto esanda) goitik behera blaitu gaitu denok eta besteak beste euskalgintza, kulturgintza, hezkuntza edota jakintzaren sustapenaren hainbat alorretan dihardugunok. Klima ozeanikoaren umela ezaguna genuen aspaldi, ordea, eta sekula erantzi gabea genuen ziraz jantzita harrapatu gaitu aipatu ekaitzak.
Uda garaian jantzi zuen UEUk euritakoa lehen aldiz, 1973. urtean. Orduz geroztik, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen eta ekoiztutako unibertsitate-gaiak gizartearen esku jartzen jardun du. Eta arestian aipatu bezala ezagutu ditugu era guztietako langar-giro, zirimiri, euri ttiki, erauntsi eta kazkabar erasoak. Tokatu zaigun atmosfera zati kantauriar honi izpiritu «udatiarrez» eutsi izan diogu beti.
Elkarlanean, ikuspegi dinamikoz eta izaera parte-hartzailez UEUk berak sustaturiko uda zein neguko jarduera akademikoak, argitaratutako korpus bibliografikoa edota IKTetan garaturiko hainbat azpiegitura eta zerbitzu UEUren beraren berme izan dira. Bideragarritasun ekonomikoa, ordea, aipatu berezko ekinbide hauetaz gain hainbat erakunde publikoren diru-laguntzei esker lortu da, 1.100 bazkideren laguntzarekin batera. Hartara, autonomia eta gizarte-izaera galdu gabe UEUk erakunde publikoen sostengua jaso izan du bideragarritasuna bermatze aldera. Hemen berreskuratuko dugu metafora klimatologikoa: «Geruza» instituzional hauetan ezagutu baititugu gora-behera barometrikoak.
Azken urteotan aipatutako krisialdiak hainbat erakunde publikoren etengabeko murrizketa ekarri du. Ttanttaka batzutan eta jario nahiko larriz bestetan, UEUk jasan du diru-murrizketen atergabeko isuria.
Gaur salatu nahi duguna, ordea, diru murrizketarekin batera Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta bozkatu diren 2012rako aurrekontuek agerian utzi dutena: UEUri 1998az geroztik esleitutako partida izendunaren desagerraraztea. Izan ere, gaur Legebiltzarrak bozkatu dituen aurrekontuek UEUren bideragarritasunari danbateko agerikoa emateaz gain, diru-laguntza «merezi» duten erakundeen izen zerrendatik ezabatu baikaitu. Ekialdeko agintarien boladak bortitz sartu dira mendebaldeko instituzioetan. Aurrena laguntzak murriztu, 0 eurotan utzi hurrena eta desagerrarazi azkena. Gasteizko aurrekontuek, alabaina, ez dute UEUri esleitu ohi zaion diru-laguntza ezereztu. Zuzenki subentzioaren onuradunaren izena ere desagerrarazi dute.
«Dute» diogu baina «du» esateko gogoa dugu. Izan ere, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako emendakinek talde abertzaleen jarrera positiboa agertarazi dute. Legebiltzarretik kanpo egunotan izaniko bestelako harremanek ere izan dute bere fruitua eta UEUren «desagertarazpenaren» aurkako jarrera agerian utzi. Baita PSEren barrenean ere. Eta horrexek «du» aditz horren subjektua Hezkuntza Sailburua dela pentsarazten gaitu. Bera izendatzen dugu erabaki izengabetzaile honen arduradun gisa.
Eta hala, eguraldi petralarekin eta Eusko Jaurlaritzarako izenik gabe, segitzen dugu gure zira zaharrarekin, gure aterkipean. Izena izan badugulako, baina batez ere izana badaukagu, euritakoa badugu. Ez ditugulako datorren urtean 40 urte alferrik beteko. 40 urte udako ikastaroak antolatzen. 40 urtez eguraldia zerbait aldakorra dela pentsatzen.
(*) Artikulua Xabier Isasik, Mikel Aizpuruk, Kepa Altonagak, Iñaki Irazabalbeitiak, Baleren Bakaikoak eta Martin Orbek ere sinatzen dute