GARA > Idatzia > Ekonomia

Langileak oso kezkatuta daude Guyenne et Gascogne enpresaren etorkizunarekin

p026_f01.jpg

A.B. | BAIONA

Egoitza nagusia Baionan duen Guyenne et Gascogne enpresaren etorkizunarekin oso kezkaturik agertu ziren atzo CFDT sindikatuko ordezkariak. Langileen artean sindikatu nagusia izanagatik, abenduaren 7an prentsaren bidez jakin zuen CFDTk Carrefour France enpresak Guyenne et Gascogne erosteko eskaintza publikoa egina zuela. Abenduaren 13an, berriz, langileei ofizialki eman zieten bi enpresen bat egitearen berri. Langileen ustez, bat egite horrek eragin latzak izango ditu. Baionako enpresa zaharrena da Guyenne et Gascogne -2013an ehun urte beteko lituzke-, eta Frantziako hego-mendebaldean dituen saltegietan 2.000 langile ditu.

Akziodunen eskaera

Baionako egoitzan 80 langile ditu Guyenne et Gascogne enpresak, eta beste 180 Landetako Labenne herrian daukan logistika gunean. Guztira 155.000 langile dituen Carrefour France enpresa erraldoiarekin bat egin ostean, 260 lanpostu horiek desagertuko diren beldur da CFDT sindikatua. «Kapitalismo basatiaren erakusle ezin hobea da gertatutakoa. Lantegiak ez du inolako arazorik. Hala ere, akziodunek eskatu dute bat egitea, beraiek 46 milioi euro irabaziko baitituzte erosteko eskaintza publikoaren ondorioz», salatu zuen Jenofa De Lopeteguy CFDTko arduradunak.

Orain dela gutxi arte Guyenne et Gascogne enpresako akziodun nagusia Beau familia zen. «Berriki ama zendu denez, akzioak banatu eta enpresa salmentan jarri dute», azaldu zuen De Lopeteguyk. Urtarril bukaeran enpresako buruekin biltzekotan dira egoera argitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo