Erreformen ondorioak jasaten dituzten herritarrei ez diete balio epe ertaineko eragin positiboek
Euskadiko Kutxaren aurreikuspen ekonomikoak ez dira pozgarriak, ezta itxaropentsuak ere. Kutxa horrek udan zituen aurreikuspenek okerrera egin dute, eta oraingoak ere guztiz alda litezke zor publikoaren bilakaeraren eta bestelako aldagai ekonomiko eta politikoen arabera, erakundearen arduradunek atzo onartu zutenez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %0,4ko hazkundea eta Nafarroan %0,5ekoa iragarri zuten 2012rako. Hazkunde tasa horiek herritar askok beren inguruan, kasu askotan beren etxean, nabarituko duten eragin larria dakarte berekin, langabe tasak gora egitea, alegia, datorren urtean %12,5era irits liteke eta. Ez dirudi, beraz, Gobernu espainiarrak eta gainerako administrazioek ezarritako erreformek ekonomia suspertzeko eta langabezia tasa murrizteko eragin onuragarririk izan dutenik. Horra datuak. Eta, Euskadiko Kutxaren txostenak dioenez, ezartzekoak diren erreformek ez dute epe laburrean eragin positiborik izango. Baina bai epe ertainean, omen. Hori ere ikusteko dago; hala ere, begien bistan da nork pairatzen dituen bortitzenik erreforma horien ondorioak -langabeek, gero eta laguntza gutxiago jasotzen dutenek-: epe laburreko irtenbideak behar dituztenek, hain zuzen.