EEPk muga jo du Euskal Konfederazioaren ustez
Euskararen Erakunde Publikoa «aitzinamenduak egiteko tresna baliagarria» den arren, euskara berreskuratzeko «urrats kualitatiboak» egin behar direla uste du EK-k. Zehazki, ofizialtasuna eta hizkuntza legea ezinbestekotzat jo ditu euskaren alde diharduten elkarteen konfederazioak.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Euskal Erakunde Publikoaren (EEP) politikak muga jo duela eta, hortaz, euskararen berreskuratze prozesuan «urrats kualitatiboa» egin behar dela adierazi zuten, atzo, Baionan, Euskal Konfederazioko (EK) zenbait ordezkarik.
2005ean sortu zenetik aitzinamenduak izan direla ukatzen ez duten arren, azken bi urteotan geldotasuna nabaritu dute, «batik bat, botere publikoen aldetik ez delako urratsik egin». Bertan diharduten langileen ahalegina bistakoa izaki ere, EKrentzat argi da EEPk bere onena eman duela, nagusiki bi arrazoiengatik.
Batetik, hizkuntza politika eraginkor bat ezin delako eragileen borondate onean oinarritu orain gertatzen den bezala. «Lege babesik gabe ezin dira bermatu hizkuntza eskubideak. Ofizialtasuna aitortzeak eta hizkuntza lege bat plantan emateak argiki finkatuko lituzke bakoitzaren eskubideak, baita betebeharrak ere», nabarmendu zuen Sebastien Castet EK-ko koordinatzaileak.
Erakundeen ardura
Bestetik, EEPk dituen baliabideak, «bai diru-funtsari bai giza-baliabideei dagokionean, oso urriak dira». Horren ardura ez dute EEPren gain jartzen, atzean dauden erakundeetan baizik (Estatua, Akitaniako Kontseilua, Departamendua). «EEPk ez du berezko bitartekorik ezta eskuduntzarik ere; kudeaketa egitura da. Alta, erakundeek legeak egin ditzakete eta beharrezko funtsak bideratu ere bai», gaineratu zuen Castetek.
Gainera, EKren kezka areagotu egin da azken urte honetan 2010-2016 epealdirako finkatutako hainbat zeregini oraindik ez zaielako heldu. «Erabilera sustatzeko eremuan ez da aitzinamendurik, ezta emendatu behar ziren aurrekontuan eta langile kopuruan ere», salatu zuten.
Ez horri bakarrik. Jokabide Esparruan zehaztutako EEPren eta Aholku Batzordearen arteko kontzertazioan eten nabarmena izan da. «Esaterako, urtero uztailean eta abenduan batzordearen bilkura egiten genuen. Aurtengoan, ordea, ez da izan. Urtarrilean bilera bat egingo dela agindu digute, baina eguna finkatzeke da oraindik», azaldu zuen Hur Gorostiaga Seaskako ordezkariak.
Horiek horrela, beldur dira ez ote diren gibelerat egiten ari eta horregatik ofizialtasunaren eta lege-babesaren premia aldarrikatzen dute. Euskalgintzan diharduten zenbait eragilek ere -unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, kasu- «uste berekoak» direla gaineratu zuten, martxoaren 31n, Deiadar manifestazioan, Parisi aldarrikapen horiek eta hizkuntz gutxituen Europako Agiria berrestea eskatuko diotela gogoratu aitzin.
Baionan ez ezik, Estrasburgon, Aiacciun, Perpinyàn, Tolosan eta Kemperren ere ofizialtasuna eta hizkuntza legea eskatuko dituzte martxoaren 31n. Mobilizazioa sustatzeko web orria ere sortu dute: www. languesregionales.org.