GARA > Idatzia > Kultura

Arnaut Abadia zeharo ahantzitako izena da, baina zientziaz idatzi zuen apaiza erreferentzia izan zen

«Ohoriak khea bezala igaiten, obra hunak bethikoz egoiten», irakurri zuen Kepa Altonagak Onizegaineko hilerrian. Arnaut Abadia idazle bikainari horixe gertatu zaiola ikusi eta argia egin die bere testuei.

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Biologo bat eta marrazkilari bat elkarlanean, animalien inguruko liburu bat osatzen, eta zientzialaria marrazkilariak egindako karikaturei begira: enara honek mokoa horrela behar du, saguzarraren belarriari hau falta zaio... «Baina karikatura bat da!», kexatzen da marrazkilaria. Asisko Urmenetak kontatu zuenez, hori du Kepa Altonagarekin lan egiteak.

Bromak aparte, «Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa» ezohiko liburua da, eta ez egileengatik bakarrik. Batez ere, irakurtzeko era goxo eta atsegina emanez, itzalean zegoen idazle euskaldun garrantzitsu bat ezagutarazten duelako da berezia lana: XIX. mendean kulturalki, politikoki eta hizkuntzari dagokionez ere erreferentzia izan zen Nafarroa Behereko apaiza, erlijioarekin lotutako ideiak zabaldu beharrean, nekazarientzat idatzi zuena, animaliez, lurraz, naturaz, nekazaritzarekin lotutako arlo guztiez, esfortzu bat eginez gauzak zehatz errateko eta ulergarri adierazteko, laborarientzat hurbilekoak ziren adibideekin.

Liburuaren azalean 1843an Bithiriñan jaio zen eta 1916an Beloken pausatu zen Arnaut Abadiaren karikatura bat ageri da. Jaun kalonjeek erabili ohi zuten jantzia dauka soinean eta gainean hainbat animalia txiki: barea, saguzarra, enara... Izan ere, bere formakuntzatik eta gustuetatik hurbilenekoak zirenez, animalien inguruko testuak aukeratu ditu Altonagak antologia osatzeko. «Eskualduna» astekariko «Laborarier» sailean idatzi zituen zutabeak dira: batek okila du protagonista, bertzeak sagarroia...

Loiun jaiotako biologoak aldatu duen bakarra euskararen makillajea da; aditz laguntzaileak batura ekarri ditu ulergarriago egiteko. Jatorrizko 45 zutabeak, Susa argitaletxearen webgunean irakur daitezke bere garaian argitara eman ziren bezalaxe.

Villasantek ere ez zuen ezagutu

Altonagak nabarmendu zuenez, erabateko ezezaguna dugu Abadia. Luis Villasanteren «Historia de la Literatura Vasca» mardulean ere ez da agertzen. Sorpresa galanta izan zen han ez topatzea antologiaren egilearentzat. «Ematen du ez zuela batere garrantzirik eduki, baina justu kontrakoa, pisu handiko gizona izan zen. 1880tik Larresoroko ikastetxeko zuzendaria izan zen hil arte eta urte haietan Larresorotik pasatzen zen Iparraldeko elite osoa. Han zegoen unibertsitatea», adierazi zuen.

Ikasleek -Jean Etxepare medikuak, bertzeak bertze- utzitako lekukotzei esker dakigu «usaian garratza» zela, «diziplina eta larderia handikoa». Literatura eskolako partaide izan zen eta hamasei urtez astero zutabe bat idatzi zuen «Eskualduna» astekarian. Mundu jantzia eta herrikoia nahasi zituen eta aitzindarietako bat izan zen zientzia dibulgazioa lantzen.

Hari ilogiko bati jarraituz, gaitik gaira saltoka

«Laborariaren alde ari diren xori edo hegadun xeheen artean, nola ez aipa enarak, bai egunazkoak, bai gauazkoak? Mintzo gara xori edo hegadunez, zeren gauenara, nahiz den hegaduna, ez baita xoria», hala hasten du Arnaut Abadiak enarei eskainitako zutabea, 1892an argitaratua. Astero-astero, hari ilogiko bati jarraituz, animaliaz animalia saltoka ibili zen matxinsalto baten antzera. Batzuetan, irakurleei erantzuten zien. Anitz zituen, «Eskualduna» astekaria 7.000 erosle izatera iritsi baitzen. Jean Etxeparek zioen gogoko zituela bere idatziak, baina ez zela nabaritzen apaiza zenik. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo