GARA > Idatzia > Kultura

«Maskar» ikusgarriak ordezkatuko du 2012ko maskarada Zuberoan

Idoia ERASO | SANTA GRAZI

Xiru jaialdiaren baitan sortu zen «Maskar» ikusgarriak ordezkatuko du 2012ko maskarada. Izenak argiki adierazten duen legez, Zuberoako maskaradei eginiko omenaldia da. Gamere-Zihiga herriak egin behar zuen aurtengo maskarada, baina gertakari larri baten ondoren ez egitea deliberatu zuten. Ondoren Santa Graziko gazteek lekukoa hartzea proposatu zuten, baina asteartean maskaradarik ez zela izanen jakinarazi zuten.

Maskaradarik gabeko urtea izan ez dadin, Mixel Etxekoparek Xiru festibalerako egin zuten ikusgarria proposatu du. «Nahiz eta ez den maskarada, hau egiteak zentzua badu. Maskarada txiki bat bezala definitzen ahal da, espazio artistikoa badu tradizioaren inguruan, hori maite baitut», azaldu du Etxekoparek. Berez maskaradaren berrikuspen modernoa da «Maskar» eta bertan Euskal Herriko zein kanpoko artistek hartzen dute parte.

Denak elkartzeak duen zailtasuna kontuan izanik, martxoko asteburu batean bi emanaldi egingo dira. Herriak eta asteburua oraindik finkatuak izan ez badira ere, zehaztasun horiek urtearen hasierarako izatea espero du Etxekoparek. «Asteburu batez bi herritan eginen dugu. Larunbat eta igandez izanen da, artistak Toulonetik, Markinatik eta Amikuzetik etortzen baitira».

«Dantza herrikoi xiberotarra bada, baina baita hip hop nahasketa ere», jakinarazi du sortzaileak. Izan ere, Toulon hiri frantziarreko dantzari modernoek parte hartzen dute. «Antzerkia euskaraz izango da, herrikoia eta aktualitateari egokitua, eta Markinako Abarka taldeak ere parte hartuko du», gehitu du zuzendariak.

Istorio kontari plaza erdian

Etxekoparek maskarada tradizionalaren eremu artistikoak nabarmendu nahi izan ditu: «Kantuak badira, betikoak, baina baita Amaren Alabak taldea ere, maite dute beraien istorioa kontatzea plaza erdian, eta horregatik arras ongi dira ikusgarriarendako». Bertsolaritzak ere izanen du tokia: «Bi bertsolari izanen dira, bat ziurtatua da, Joanes Etxebarria».

«`Maskar' deitzen da ikusgarria eta maskaradari egiten dio erreferentzia, tziganoen hizkuntzan erdigunea erran nahi baitu. Xiru festibalean azterketa bat egin genuen maskaradari buruz eta erakusten genuen zer genuen erraiteko, aldarrikatzeko, plaza erdian, 2011n», jakinarazi du jaialdiko zuzendariak.

Urtero tradizio herritarrei buruzko berrikuspenak egiten dituen festibaleko sortzailea maskaradarik ez izateari buruz ere mintzatu da: «Orain badirudi hil ala bizikoa dela maskarada izatea, eta ez da horrela, Zuberoa ez da hilen maskarada urtero sortzen ez bada ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo