GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

EZKER HORMA Seigarren ekitaldia da

Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak jokatuko dituzte gaur Hernanin

GARA | HERNANI

Gaur arratsean jokatuko dituzte Ezker Hormako VI. Emakumea Pilotari Txapelketaren finalak Hernaniko udal pilotalekuan. Jaialdia 19.00etan hasiko da, eta lehen mailako eta bigarren mailako finalez gain, gazte mailako partida bat ere ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek.

Hain zuzen ere, emakumezkoen gazte mailako Gipuzkoako Elkarteen arteko Txapelketaren finalak emango dio hasiera jaialdiari. Finalera heldu diren bi taldeak Hernanikoak dira eta jokatuko duten lau pilotariak ere hernaniarrak.

Miren Goikoetxeak eta Ariane Arrietak osaturiko bikotea, batetik, eta Eli Pagolak eta Maider Huizik osatutakoa, bestetik, izango dira aurrez aurre. Beren mailan bi bikoterik onenak izan dira txapelketa osoan zehar eta aurrenekoek ez dute partidarik galdu. Pagola-Huizik, berriz, bakarra, ligaxkan elkarren aurka jokaturikoa hain zuzen ere, 30-20ko emaitzarekin. Aurrekariak ikusita, partida orekatu eta gogor samarra izatea aurreikusten dute antolatzaileek.

Emakumea Pilotari Txapelketaren lehen mailako finalean ere parekotasuna eta lehia estua espero dira. Bi atzelari bikain izango dira aurrez aurre: Maider Mendizabal anoetarra eta Nagore Arozena lizartzarra. Trinketeko Munduko eta Munduko Kopako txapeldun izanak dira biak, baita elkarrekin bikotea osatuz ere, eta ondoen eusten dionak partidua bere alde desoreka dezake. Aurrean, berriz, Mirari Etxegia goizuetarra eta Maite Redondo oriotarra izango dituzte lagun. Beteranoak dira biak, ofizioa ongi ikasitakoak, eta kideari ongien laguntzen dionak balantza bere alde makurraraziko du. Ligaxkan Urretxun jokatu zuten elkarren aurka eta 30-24 nagusitu ziren Redondo eta Arozena. Mendizabalek eta Arozenak elkarren aurka jokaturiko hiru finaletan, aldiz, lehenak etxeratu du orain arte beti txapela.

Bigarren mailako finalean Hernanik bi ordezkari izango ditu, Garbiñe Tijero eta Irati Ugalde, biak eskola berekoak. Lagun, berriz, kostaldeko bi pilotari: Naroa Beldarrain oriotarra eta Zumaiako Esti Arriola. Tijero da maila honetan finalen bat jokatu duen bakarra eta ikusi egin beharko da besteek nola egiten dioten aurre urduritasunari. Ligaxkan 30-21 irabazi zuten Tijerok eta Beldarrainek. Ordutik, ordea, aste asko pasatu dira eta gora egin du bikote urdinak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo