GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Garaipena behar-beharrezkoa dute bi euskal taldeek

Avironek Castres hartuko du, eta Biarritzek Parisen jokatuko du Staderen aurka.

p036_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Jardunaldi bat gehiago eta gauzek berdin-berdin jarraitzen dute Biarritzentzat eta Avironentzat, bientzat premiazkoa baita garaipena. Galduz gero, etorkizun iluna dute aurrez aurre biek.

Bi euskal taldeetatik Aviron arituko da etxean. Zuri-urdinek Castres hartuko dute, 19.30etatik aurrera, Jean Dauguer zelaian. Norgehiagoka zaila daukate Baionakoek; aurkaria goian dagoen taldea da, eta garaipenaren bila etorriko da Euskal Herrira, denboraldi amaieran lehen seien artean amaitu nahi baitu, ligako final laurdenak jokatu ahal izateko. Une honetan laugarren dago 33 punturekin; zazpi partida irabazi ditu, bat berdindu eta bakarra galdu.

Aviron, bere aldetik, hamaikagarren lekuan dago sailkapenean 20 punturekin. Lau partida irabazi ditu, bat berdindu eta zazpi galdu ditu. Avironek gaur galtzen badu, eta atzeko biek irabazten baldin badute, jaitsierako postuetan sartuko dira zuri-urdinak.

Jokalari asko min hartuta

Biarritzen egoera are eta okerragoa da, sailkapeneko azkeneko postuan baitago uneotan. Ez du partida erraza izango, Parisen jokatuko baitu 19.30etatik aurrera, Stade Françaisen aurka. Orain dela oso gutxi arte neurketa handia izaten zen, baina gaurkoan ez da horrenbestekoa, nahiz eta bientzat puntuak oso garrantzitsuak diren. Stade Français beti izaten da liga irabazteko faboritoetako bat, baina ez dirudi aurten bere urterik onena izango duenik.

Biarritzi, berriz, arazoak gehitzen ari zaizkio, min hartuta dauden jokalariak ere asko baitira. Harinordoki, August, Borutu edo Lund anaiak ez dira jokatzeko moduan izango. Biarritzek gaur irabaziko balu ere, ez du jaitsierako postuetatik ihes egiteko modurik izango.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo