Aitziber Sarasola Jaka Bilduko Nafarroako parlamentaria
Aurrekontuetan guraizea, euskararentzat aizkora
Lotsagarriki ukatzen dira nafarren hizkuntza eskubideak; lotsagabeki urratzen zaie gurasoei haien seme-alaben hezkuntza ereduaren hautaketa
Nafarroako Parlamentuan aurrekontuen eztabaida, jada garatu den honetan, ariketa ezin ulertezinagoa da edonoren begietara. Krisi egoeraren aitzakiapean murrizketak ari dira onartzen murrizketen gainean. Baina murrizketaldi honetan betiko galtzaile bat bada, hain zuzen ere euskara eta euskalgintzako eragileak.
Bistan da Nafarroako Gobernuaren asmo argia zein den. Lehen desatsegina zitzaion Nafarroa ezberdinaren onarpena orain aizkoraz ebaki nahi du inolako azalpenik ere eman gabe. Lotsagarriki ukatzen dira nafarren hizkuntza eskubideak, lotsagabeki urratzen zaie gurasoei haien seme-alaben hezkuntza ereduaren hautaketa, non bizi diren arabera ez baitute lege malapartatuaren arabera non ikasi nahi duten erabakitzeko eskubiderik.
Aurrekontuen eztabaida antzua, bakarrizketa antzuen oinarri. Baina bakarrizketa horiek lehendik eskasian ohituta gauden ereduen gainean eskasia handiagoa dakarte. Euskaraz aritzen diren komunikabideen itotzea, euskaltegien lana gero eta zailago egitea, udalek jasan behar duten euskararen gaineko erantzukizuna gero eta handiagoa izatea, euskararen kalitatea hobetzeko neurrien gutxiestea, hizkuntza politikaren norabidea kontrako zentzuan markatzea... eta etengabe segituko nuke amaierarik ez duen zerrenda atontzen.
Honek guztiak duen gauzarik makurrena nonbaitetik hastearren 1986ko Euskararen Legearen baliogabetasuna da. Euskararen legeak markatzen dituen mugak, egileen eta defendatzaileen esanean muga soziolinguistikoak (han dago 1986), muga basatiak okerrak eta ankerrak dira. Gero eta eskualde gehiago dira eremu ez euskaldunean egonik, bertako familiek haurrak euskal ereduetan matrikulatzea nahi dutenak. Gero eta familia gehiago «askatasunez» erabakitzerik ez dutenak. Dauden lekuan egonik ere erabaki dezakete ingelesa hizkuntza kurrikular duen proiektua aukeratzea (TIL oker deitutakoa) baina ez inola ere euskarazko murgiltzea duen eredua. Kilometroak egitera behartzen dituzte haur horiek txiki-txikitandik, Tafallaldean, Lizarraldean, Lizarraldeko Erriberan, Erriberan, Behe Mendialdean. Lotsagarria. Kilometroak jada handiak diren haurren motxiletan. Hori gutxi balitz, hainbat landa eskola, herri txikietako eskolek etorkizuna kolokan dute, lege malapartatu horrek haien herrietan D eredua irekitzeko aukerarik ematen ez duelako, herri txikiei eskolek ematen dieten arnasa kenduz kasu askotan. Herrietarako zigor bikoitza, euskara berreskuratzeko aukera eskasia bata eta herriaren bizitzan eta haurren herriarekiko loturan bestea. Gogorra, makurra.
Esan gabe doa, eremu ez euskaldunean une honetan euskara ikastea posible egiten dutenak euskalgintzako eragileak direla. Izan Ikastolak edo izan Helduen Euskalduntze Alfabetatzerako eragileak. Lotsaz bizi beharko lukete agintariek bertan gertatzen dena. Baliabide jada urriak zituztenek, baliabide askoz ere urriagoekin ia ateak ixteko zorian bertan euskaraz bizi nahi dutenen arnasa ito nahi dute. Non da bada «askatasunez» aukeratzeko kantu aspergarri hori? Askatasuna norentzat eta noiz?
Baina honek guztiak erantzuleak izan baditu. Erantzuleek izen-abizenak dituzte gainera eta hautsa saltzen artistak dira gainera, hautsa saltzen lehenak eta hautsa saltzen biziki pozik ari direnak. Alderdi sozialistako kideez ari naiz hain zuzen ere. Kanpaina garaietan ETB LTDn ikusteko ahal zutena eginen zutela aitortu ziguten. Ahalegina egin ez, UPNren hitzarmenean marra gorrietako bat omen zen. Nafarroa osoan ere esan ziguten Baluarten antolatu zituzten jardunaldietan betiere eskaera bazegoen eta diru asko suposatzen ez bazuen D ereduaren zabalpenaren alde zeudela eremu ez euskaldunean. Honi guztiari gehitu behar zaio goian aipatu dugun TIL proiektuaren hedadura Nafarroan. Hedadura diogu, izan ere, hezkuntza departamendua, eskaerarik ez dagoen lekuan ere hedatzen ari baita proiektua bera, emaitzak zein diren jakin gabe. Baina modernitatearen izenean AMEN, TIL eredua da jendarteak behar eta nahi duena.
Gauzak honela dira, baina aurrekontuen eztabaidan ez eta aurreko Parlamentuko saioetan ez dugu alderdi sozialistaren aldetik txintik ere aditu euskararen auziaz. Argi esana zuten ez dela inposatu behar baina ezta eragotzi behar ere. Hitzak argiak dira eta erantzukizunak ere bai. Aurrekontuen eztabaidan ez dugu PSNren ez aldekotasunik ez eta kontrakotasunik aditu haiek hautsa bailiran saldu dituzten postulatuetan. Ezer ez, hutsaren hurrengoa, zaku ustela.