GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA | Eguraldian aditua

Erregeen egiak

Errege eguna. Ttikitako ilusioak gogoan, aspaldiko akorduetan. Zenbat jantzi gintuen, gerraosteko urte zail haietan? Bai al genuen ba, beste oparirik urte osoan? Erregeak maitagarri genituen gure inuzentzian: inor handi eta ahalmendun bazen, haietxek, beltzarana tarteko. Are eta areago, ekialde urrunekoak izanik. Gero ezagutu genituen hainbat monarkia gertuagoko, erregetza bere tamainara jaitsarazi zigutenak. Eta triste sentitzen ginen gure betiko «3 erregeei» jakintsu mago izarzale deitzen hasi zirenean.

Baina, halere, pasarte mitologiazko honek ez ote du mami propialik, gameluen eta kapusai handien artean, galdu zaigunik?
Izarren eta eguzkiaren jirako kontuetan, deigarri egiten zait, Jesusen Egu-berritako jaiotza eguzki-eguna luzatze eta berritzearekin loturik dugularik, oraingoxe gaurko hemengoxean justu, «Erregena» deritzogun honetan, eguzkiaren goizeko jaitsiera, gaur bertan, puskatxo ttiki bat igotzen hastea. Beraz, arratsetik ordu laurdena irabazi dionean eguzkiak ilunpeari, goizetik ere, gaurtik irabazbidean plantatu gaituzte izarrek.

«Izarrek», esan dut? Bai, izarrek, kuanto! Bitxia egiten baitzaigu beti, 3 jakintsu hauek, eguzki eta ilargiari baino, izarrei begiratu eta haietan ikasi izana. Eguzkiaren tamainako egiak ez ote dira ba hain sinesgarri? Halako zerbait ageri zaigu orduko Jerusalem dirdaitsuan: bertako eguzki handi errege Herodes, ezjakin eta gaizto bilaka baita. Nor fida Judeako eguzki distirantarekin? Eta bitxia izarrarena: bidean beti gainean gidari zutena, Jerusalemeratzean itzali egin: hor benetako erregerik ez izateak gordearazi du, edo hango gezurteroen ilunpetik aldegin du izarrak? Bitxia suertatzen baita, errege jaunaren asmo zital ankerrak jakin dituzteneko, berriro bideratzean, bidea baita beti bizitza, bizitzan izaki izarrik probetxuzkoenak... hantxe dutela berriro, bidea seinalatzen, Belengo estalperaino, euren izar seinaledun jakituna. Hauxe bai izar pertxenta! Eta, lilura faltsuetan engaina dituen jauregi gezurtegiko zoramenetik atera orduko, han daramatza Belengo estalpera. Kontraste ederra:

«Behean simaurra eta
goian amaraunak,
pobre pasa zituzten.
Belenen Gabonak.
Badu aski zer pentsa
pentsa nahi duenak»...
hala kantatu zigun Gandiagak Belena begira. Eta honela jarraitu:

«Abegirik inon ez,
aterperik ozta,
jaio zaien haurtxoa
han da negar-hoska;
gizon egitearen
ajea du koska».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo